Salatzen ez diren eraso matxistez ohartarazi dute konpartsek

Hiru sexu eraso salatu dituzte Bilboko Aste Nagusian. Iaz zortzi izan ziren. Udalaren jarrera «triunfalista» iruditu zaie konpartsei

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusia «arrakastatsua» izan da. Hala uste dute konpartsek. Baina, urtero legez, indarkeria matxistak ilundu du jaietako balantzea. Analisi kritikoa egin du Oihane Pascualek konpartsen federazioaren izenean: «Ezagutarazi diren eraso sexisten kopurua murriztu izanak ez gaitu garaile bihurtzen». Izan ere, udalak emandako datuen arabera, atzo arte hiru kasu salatu dituzte, eta iaz, osotara, zortzi izan ziren. Baina Pascualek ohartarazi du egiaz gehiago direla. «Guk ez dugu erronka hori irabazitako bataila gisa ulertzen, ez baitugu uste manikeismoaren ikuspuntu sinpleak laburbil dezakeenik heteropatriarkatuaren zapalkuntza bortitza».

Iruditzen zaie agintariena «diskurtso triunfalista» dela, eta uste dute jarrera horrek «gizartean sakonki errotuta dagoen arazoaren aurrean ezikusiarena» egiten duela. Horregatik, «matxismoaren azken erasoa desagertu arte borrokan» segituko dutela iragarri du Pascualek.

Era berean, «jai ereduaren aurkako erasoa» egon dela ere salatu dute, hainbat txosnatako dekorazioak sortutako iskanbilaren harira. Jaietako hirugarren egunean Ertzaintzak Hontzak konpartsak ipinitako apaingarri batzuk kendu zituen, Bilboko Elizbarrutiak eta norbanako batek haren aurkako salaketa ipini zutelako. Horrez gain, Dignidad y Justicia elkarteak Txori Barrotek ipinitako presoen argazkiak salatu zituen. «Saiatu dira herritik abiatutako jai ereduaren muinari kalte egiten, eta, ohi bezala, herritarrek beraiek berretsi dute jai ereduaren indarra». Aste Nagusian «era guztietako iritzientzako tokia» dagoela berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.