Osakidetzako probetako eta kontsultetako itxarote zerrendak luzatu egin dira

Ebakuntza gehiago egin diren arren, kirurgiako itxaronaldia lehengoa da. Aurrez aurrekoak ez diren kontsulten erabilera handitu egin da

Atzo argitaratu zituzten Osakidetzako 2017ko datuak. ANDONI CANELLADA / ARP.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Osakidetzako proba osagarrietako eta kanpo kontsultetako itxarote zerrendak handitu egin dira 2017an. Hala azaldu zuten atzo Maria Jesus Mujika Osakidetzakozuzendariak eta Andoni Alzelai osasun arretako zuzendariak, iazko jardueraren balantzea egiteko agerraldian. Kanpo kontsultetan, batez beste 29,3 egun itxaron behar izan zuen erabiltzaile bakoitzak; 2016an, 25,7 egunekoa izan zen itxaronaldia. Kontsulten igoeraren aldean, probetarako itxarote zerrendan txikiagoa izan da igoera: 2016an, 12,4 egunean zegoen muga, eta 13,1 egunekoa izan zen 2017an.

Kirurgian, berriz,50,2tik 49,6rajaitsi da atzerapena. Kirurgiako itxarote zerrendak egonkortuta daude, Alzelaik adierazi duenez: «Faktore demografikoek eta teknologikoek eragina dute. Biztanleria zahartzen ari da, baina orain lagun gehiagori ebakuntza egiteko gailuak ditugu». Guztira, 2017an 127.096 erabiltzeri egin diote aurrez programatutako ebakuntza bat: 2016an baino %3,5 operaziogehiago. Araban bi puntu jaitsi da kirurgian dagoen atzerapena, eta Gipuzkoan egonkortu egin da, Goierriko eta Debagoienako ESI erakunde sanitario integratuetan izan ezik. Antzera gertatu da Bizkaian; Barakaldo-Sestaoko ESIan igo egin da, baina beste guztietan 2016ko mailan geratu da.

Arreta arteko kontsultak

Lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren arteko kontsulta ez-presentzialek %15,5 egin dute gora. Mujika eta Alzelairen arabera, kontsulta horiek lehen mailako arretako jarduera sustatzen dute: «Erabiltzaileari erantzun azkarrago bat ematen diote, eta asko ospitalera joatea saihesten dute; hango irisgarritasuna hobetzen da, bi mailek era koordinatuan lan egiten dutelako».

Ospitale mailako telefono bidezko arretak ere gora egin du 2017an. Guztira, halako 258.167 kontsulta egin dituzte erabiltzaileek; 2016arekin alderatuta, %13,4 gehitu dira. Lehen mailako arretan 2,8 milioi kontsulta egin dituzte telefonoz. Osakidetzako ordezkariek diotenez, «ospitaleetan, langileak dira mota horretako kontsultak gomendatzen dituztenak». Batez ere, patologia kronikoen jarraipena egiteko erabiltzen dira. Ospitaleetako larrialdiak, berriz, %0,4 gehitu dira. Alzelaik zehaztu du artatuen %65ek «patologia arinak edo oso arinak» izan dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.