Reyes Azkoitia. Bergarako pilota eskolako kidea

«Berdintasunaren zain ezin da egon; bila joan behar da»

jon eskudero
Donostia
2013ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gizonezkoen artean bizitzera ohituta dagoen emakumea da Reyes Azkoitia (Azkoitia, Gipuzkoa, 1952). Emakume adoretsua. Sei anaien artean arreba bakarra izanda, pilota munduari lotuta egon da betidanik: «Txikia nintzela, neskak soka dantzan egiten zuten, eta mutilek pilotan». Bada, mutil kuadrillan ibiltzen zen bera ere. Hala jarraitzen du oraindik. 24 urte daramatza Bergarako pilota eskolako entrenatzaile gisa, eta fruitu onak lortzen ari da, gainera.

Emakumea eta pilota. Ohikoa ez den arren, bi hitz horiek uztarri berean lotuta dauzkazu zuk.

Lehenik, pilotaria izan nintzen. Eta, orain, berriz, entrenatzailea. Txikitan jolasteko eta ongi pasatzeko asmoz soilik ibiltzen nintzen pilotan, eta 27 bat urte nituela hasi nintzen partidak jokatzen. Semea pilotan ibiltzen zen garai hartan, eta niri ere eskaintza egin zidaten. Partida dezente jokatu nituen. Hori bai, ia denak galtzen nituen, gizonen kontra aritzen bainintzen.

Galtza zuriak jantzita ikustean, nolako harrera egin zizun jendeak?

Oztoporik edo trabarik ez dut sekula sentitu izan. Hori bai, beti dago jendea kritikatzeko, bai lehen eta bai orain. Frontoian baino sukaldean hobeto egongo nintzela entzun izan dut behin baino gehiagotan. Beste batean, berriz, honela galdetu zidan emakume batek: 'Hiri nola uzten din senarrak pilotan jokatzen?' Eta zera erantzun nion: 'Baimena eskatu behar al diot, ba?'. Halako batzuk entzutea tokatu zitzaidan, baina jaso nuen laguntza eta maitasuna handiagoa izan zen.

Hala ere, aitortu izan duzu senar ona izan duzula alboan. Beste bat izan bazenu akaso ez zenuela hainbeste erraztasun izango pilota munduan aritzeko.

Beti jakin izan dut hori. Pilotan jokatzen nuenean, txaloak jotzen zizkidaten gehienak gizonezkoak ziren. Eta nire tokian euren emaztea egon balitz, berdin egingo al zuten txalo? Ez dut uste. Behin izan nuen aukera emakume baten kontra jokatzeko. Nafarra zen, eta hark deituta jarri ginen harremanetan. Hark mugitu zuen kontua norgehiagoka antolatzeko, baina azkenean gizonak ez zion utzi jokatzen. Niri oso gogorra iruditzen zait, nik ez dudalako halakorik bizi izan, baina halaxe gertatu zen.

Aspaldiko kontuak dira horiek. Eta gaur egungo neskatilek ba al dute pilotan egiteko aukerarik?

Bergarako pilota eskolan baditugu hiru neska, eta oso gustura dabiltza, gainera. Aurten, lehenengo aldiz, nesken arteko txapelketa ere egin dugu herrian. Hori Gipuzkoa mailara zabaltzea ez da erraza. Gutxieneko kopuru bat behar da, eta oraindik ez gara iritsi zenbaki horietara. Bergaran orain arte ibili diren neskek ez dute asko iraun izan pilota eskolan. Hasi eta utzi, hasi eta utzi.

Zergatik?

Lehen pilota munduan emakume bat aurkitzea ez zen erraza, eta orain ere ez. Neska dezente etortzen dira frontoira, baina ez dira ausartzen sartzen, eta zain egoten dira, norbaitek lekua egin arte. Baina inork ez du bidea irekitzen, norberak egin behar du bidea, galdetu gabe. Galdetzen hasiz gero, lekurik gabe geratzeko arriskua dago. Nik esan ohi dut hori dela gure akatsik handiena, berdintasuna etorriko zain geratzea bila joan beharrean.

Mutilekin zein neskekin, zuk lanean segiko duzu, behintzat.

Dudarik gabe. Pilotalekura etortzen direnak besoak zabalik hartuko ditugu. Eta, neskak badira, izugarri poztuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.