AEK, Seaska eta euskal hedabideei joan zaie partez EEPren laguntza emendioa

130.000 euroz emendatu da EEP eta Eusko Jaurlaritzaren deialdia. 'Eragile jakinei' baliatu zaie bereziki, eta proiektu gehiago lagundu dira

Patxi Baztarrika eta Mathieu Berge, atzoko prentsaurrekoan. I. MIQUELESTORENA.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2016ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzarekiko hitzarmen berria egiteko mementoan iragarria zuen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) 130.000 euro gehiago izanen zituela aurrekontuan euskararen aldeko eragileen laguntzeko. Aurten ere bi multzotan egin dute: Ipar Euskal Herriko bederatzi eragile jakinen multzoa —1.380.000 euro denetara— eta deialdira proiektuak aurkeztu dituzten beste eragileena —350.000 euro denen artean—. EEPk 1.330.000 euro jarri ditu; Jaurlaritzak, 400.000.

Emendioaz partikularki baliatuko direnak AEK eta Seaska federazioak dira, bien artean erdia gainditzen baitute. AEK-k du saririk gotorrena erdietsi, iazkoari konparatuz 56.000 euro gehiago jasoko baititu; guztira, 411.000 euro. Norbanakoen trebakuntza sustatu nahi izan dutela esplikatu du Mathieu Berge EEPko presidenteak: «Gero eta formazio gehiago bada sail profesionalean, izan pribatu ala publikoan. Horiek hola, borondatezko norberaren formazio mailan eredu ekonomikoa ez baita nahi bezala heldua oraino, inportantea iruditu zaigu AEKren are gehiago laguntzea». Seaskak 20.000 euro gehiago izanen du aurten; guztira, 380.000 euro. «Azken lauzpabost urteetako ikasle kopuru eta hezkuntza guneen emendatzea kontuan hartzen du» laguntzak, Bergeren arabera.

Hedabideen arloa

Euskal hedabideek ere izanen dute aurtengo emendatzearen gozamena, nagusiki Euskal Hedabideak elkarteak —20.000 euro—. Hots, euskal irrati, telebista eta kazetak biltzen dituen egiturak. Azken horiei EEPk proposatu eta Adepfo egiturarekin eraman formazioaren emaitza gisa aurkeztu zuen laguntza: «Euskal hedabideen egituratzeko eta diru mailan autonomia izan dezaten, elkarren arteko publizitate egitura baten sortzea beharrezkoa zela ikusi dugu». Bestalde, hedabide horietako bakoitzak laguntzaren den mendreneko goratze bat izan du, Euskal Irratiek salbu. «Euskal Hedabideei eman 20.000 horiez gain, 45.000 euro baztertu ditugu misio kargudun baten hartzeko urte batez hedabideen laguntzeko: besteak beste, Ikus-entzunezkoen Helburu eta Ahal Kontratuaren lan arloan, baina hedabide sail osoan ere bai».

Lehen haurtzaroa, eskolaz kanpoko jarduerak eta Euskal Moneta (11.803 euro) azpimarra daitezke hobetsi hartzaileetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.