Euskal prentsaren jatorrian barrena

'Eguna' euskarazko lehen egunkaria argitaratu zenetik 80 urte bete direla eta, zenbait ekitaldi prestatu dituzte Bilbon. Euskaltzaindiaren egoitzan euskal prentsaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte.

Bilbo
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Eguna egunkaria ez zen bat-bateko erabaki politiko baten ondorio izan». Gauzak ez direla «halabeharrez» gertatzen nabarmendu zuen atzo Joseba Agirreazkuenaga EHUko historia katedradunak, eta euskal prentsaren historian ere hala izan zela islatu zuten atzo hainbat lagunek Euskaltzaindiaren egoitzan, Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa jardunaldietan. Eguna-ren sorreraz aritzeaz gain, 1980ko hamarkadako euskal prentsa ere jorratu zuten euskal munduko irakasle eta kazetari ezagunek, Bilboko Udalak, Euskal PEN Klubak, Deia egunkariak eta Sabino Arana fundazioak bilduta.

Eguna, euskarazko lehen egunkaria, 1937an sortu zen, Bilbon, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, eta sei hilabete iraun zuen, tropa frankistek hiria hartu zuten arte. 130 zenbakitan izandako eginkizun garrantzitsua nabarmendu du Xabier Altzibar EHUko irakasle eta ikerlariak. «Gerra kontatzea, Jaurlaritzaren mezulari izatea eta idazleen sustatzaile izatea izan ziren Eguna-ren lanak». Hala ere, desagertu ondoren ahaztuta geratu zela azaldu du, katalogatu gabe gorde baitzuten, eta horrek «existitu ez balitz bezala» jokatzea esan nahi zuen, Altzibarren hitzetan.

Eguna-ren inguruko «orokorkeriez» ere aritu da Altzibar. Besteak beste, argitu du han zerabilten euskara ez zela bizkaiera bakarrik, eta Alejandro Mendizabal kazetari mutrikuarraren lana gogoratu zuen horretarako, kazetari «garrantzitsuenetako» bat. Argitalpen hori «elkarlanaren fruitu» izan zela ondorioztatu du, ehun idazlek baino gehiagok hartu baitzuten parte bertan.

Euskal prentsaren zentsura

Agirreazkuenagak garai hartan egunkarian erabili beharreko euskararen gorabeherak aipatu ditu. «Euskara ez zegoen komunikabideetan erabiltzeko egokituta». Horrela, euskaldunentzako «erronka» berria izan zela adierazi du, «ezina ekinez egina» esamoldeari zentzua emanez.

Ia 50 urte geroago sortutako Eguna gehigarriaz aritu da haren sortzaileetako bat, Luis Alberto Aranberri Amatiño kazetaria. 1986an Deia egunkariarekin batera saltzen zen argitalpen hura 1986an jendeak zuen euskara mailara «egokitzen» saiatu zirela azaldu du, eta gogora ekarri du bertako erredaktoreetako bat Eguna egunkariko zuzendariordearen semea izan zela; zehazki, Juan Antonio Zubikarai, Agustin Zubikarairen semea.

Garai horrekin jarraituz, 1976. eta 1996. urteen arteko euskal kazetaritza aztertu du Joan Mari Torrealdai kazetari eta soziologoak. Bi aldarrikapen nagusi egin zituzten, haren hitzetan: euskarazko prentsarentzako«zilegitasuna», eta normalizazio prozesu bat abiatzeko nahia. Arreta berezia jarri du hori lortzeko gainditu beharreko zentsuran: «Euskal prentsa nekazaritza eta folklorera mugatuta zegoen. Hortik kanpo, zentsura jasaten zuen». Hala, «enpresa askatasunik eza» ere gogoratu du, eta proiektu bat aurrera eramateko horren helburuak eta landu beharreko gaiak aurkeztu behar zituztela adierazi du. «Proiektua abertzalea edo euskaltzalea bazen, bultzatzaileek ez zuten baimenik jasotzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.