Fiskalak kartzela zigorra eskatu du Egiluzi egindako lapurreten auzian

Lau akusatu epaitu dituzte, baina bat soilik izan epaiketan: hiru ez dira agertu. Ez diete egotzi gaztearen desagerpenarekin lotutako deliturik

Egiluz desagertu zeneko urteurrenean egindako ekitaldia. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Desagertu zela lau urte betetzear direnean, Hodei Egiluz gazte galdakoztarrak jasandako lapurretei buruzko epaiketa egin zuten atzo Anberesen. Flandriako hiri horretan bizi zen Egiluz, eta han desagertu zen 2013ko urriaren 19an. Hilotza bi urte eta erdi geroago topatu zuten, hiriko ibaian. Epaiketan ez dituzte, baina, desagerpena eta heriotza aztertuko, Egiluzek desagertu aurretik jasandako lapurretak baizik. Lau lagun dituzte akusatuak: sakelakoa ostea egozten diete biri; beste bati, diru zorroa lapurtzea; eta beste bati, ostutako sakelakoa erostea. Lapurreta egotzitako hirurentzat lau urteko kartzela eskatu du fiskalak; telefonoa erosi zuenarentzat, urte erdikoa. Akusatu bakarra azaldu zen atzo auzi saiora, poliziek eramanda —beste kasu batengatik preso dago—; beste hiruren berririk ez dauka auzitegiak.

Akusazioen arabera, lagunekin afaldu ostean etxera abiatu zen Egiluz, eta bidean lapurreta egin zioten. Hortik aurrera gertatu zenari buruzko informaziorik ez da; desagertu egin zen gaztea. Bilaketa lanak egin zituzten ibaian, baina ez zuten topatu hilotza. 2016ko otsailean azaldu zen, urperatutako gabarra bat ateratzen ari zirela.

Egiluzen senideak Anberesen izan ziren atzo, epaiketan. Etsita azaldu ziren: «Hau ez da gure epaiketa. Hodeiren heriotzari buruzkoa da gure epaiketa», adierazi zuen aitak, Pablo Egiluzek. Hilabete barrurako espero dute lapurretei buruzko sententzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.