Hiru demo garatu dituzte, hizketa teknologiak oinarri

Elkarola partzuergoan elkar hartuta ari dira bost eragile, eta han garatu dituzte demoak. Garatzen segituko dute, «luze gabe» merkaturatzeko

Elkarolako eta Jaurlaritzako ordezkariak, atzoko aurkezpenean. J.C. RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Usurbil
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hamabost urte joan dira hizkuntza teknologien esparruan ikerketan hasi zirela Euskal Herrian, eta azken urteetan Elkarola partzuergoan ari dira. Hauek elkartu dira: Elhuyar, EHUko Ixa eta Aholab ikerketa taldeak, Vicomtech-IK4 eta Tecnalia. Hizketa teknologietan oinarritutako hiru demo garatu dituzte azkena, eta atzo eman zuten horien berri. Hiru arlotan ari dira bereziki: fabrikazio aurreratuan, osasunean eta biozientzietan, eta lurraldearen arloan. Hizkuntzarekin lan egiteko gai diren demoak sortu dituzte. Gehiago garatzea dute helburu. «Espero dugu luze gabe emaitzak aplikazio errealetan gauzatu eta merkaturatzea», esan du Igor Leturiak, Elhuyarreko arduradun eta Elkarolaren koordinatzaileak.

Bi esparrutan ari dira lanean. Batetik, oinarrizko ikerketan: 85 argitalpen zientifiko egin dituzte hizkuntza teknologien inguruan; bestetik, ikerketa aplikatuan: besteak beste, zortzi patente dituzte.

Hiru demo aurkeztu zituzten atzo. Lurraldearen arloarekin lotuta, bezeroei arreta emateko gailu bat garatu dute: gai da lehenbiziko galderak egiteko eta kontsulta dagokion sailera bideratzeko; ahoz zein idatziz funtzionatzen du. Osasunaren arloari dagokionez, demoaren oinarria da gaixotasunen eta sendagaien arteko erlazioak egitea. Eta fabrikazio aurreratuaren esparruan, errealitate aurreratuko telelaguntza sistema bat garatu dute, aditu baten eta langile baten artean erabiltzeko —matxurak konpontzeko, adibidez—. Hizkuntzen itzulpen automatikoa ere egiten du demoak.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute, eta Iosu Madariaga Teknologia eta Estrategia zuzendariak iragarri du aurten ere jasoko duela laguntza Elkarolak. Estibalitz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendariak nabarmendu du «sekulako loraldia» nabari dela hizkuntza teknologien esparruan, eta euskararentzat «bideak zabaldu» egin behar direla hor ere, «arlo hori estu lotua baitago besteekin». Adierazi du euskara «posizio onean» dagoela, baina lanean jarraitu beharra dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.