Ezker abertzaleari egotzi diote turismoaren aurkako protesten ardura

Otegik dio «interes politikoak» daudela eztabaidaren atzean. Gascok Ernairi eskatu dio bertan behera uzteko abuztuaren 17ko manifestazioa

Turistak, Donostiako Parte Zaharrean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Turismoaren auzia lehertu egin da azken egunetan, eta alderdi politikoen arteko gerra piztu du: ezker abertzaleari leporatu diote protestak sustatzea. PPk adierazi du Sortu eta Ernai turismoaren kontrako boikota egiten ari direla, eta ikara sortzea helburu duten estrategiak erabiltzen ari direla horretarako. Ernesto Gasco Donostiako Turismo zinegotziak azpimarratu du ezker abertzalea «turismofobia» hedatzen ari dela gizartean, eta «justifikatu ezin daitezkeen erasoak» egiten ari direla. Haatik, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gezurtatu egin du EH Bildu turismoaren aurka dagoela: «Ez gaude turisten aurka; denok gara turistak, eta tontakeria bat litzateke horren kontra egitea. Adierazi nahi dugu turismoa diru iturri oso garrantzitsua dela, baina erregulatu egin behar dela».

Agerraldi jendetsua egin zuten atzo goizean Donostian, azken asteotako kritiken aurrean batasun instituzionala agertzeko. Han parte hartu zuten Ernesto Gascok, Maite Cruzado Gipuzkoako Diputazioko Turismo zuzendariak eta Harkaitz Millan Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendariak, besteak beste. Hain justu, atzo goizean pintaketa batzuk agertu ziren Basquetourren Bilboko egoitzan, Ernaik datorren astean egingo dituen manifestazioetarako deia eginez. «Erasotzat» jo zituen Millanek, eta protesta bertan behera uzteko eskatu zuen Gascok, «justifikatu gabea» delakoan.

«Turista uholdea»

Gascok jakinarazi du gero eta turista gehiago dagoela Donostian: «%4ko igoera egon da azken urtean. Urte askotako lana dago emaitza horien atzean, eta Donostiak egunean-egunean egindako lanari esker du gaur egun duen kalitatezko turismoa». Nabarmendu du merkataritza txikiak garrantzia duela, eta turismoari esker gainditu dela krisia hein handi batean. 22 hotel berriren proiektuak ere martxan dira dagoeneko, eta udal gobernuak beharrezko ikusten du etxebizitza turistikoak arautzea. Eneko Goia Donostiako alkateak aitortu du gune batzuetan arazo larriak daudela, baina turismoa «kudeatu» egin behar dela, «sustatu» baino gehiago.

Donostiarren bizi erritmoa zeharo aldatzen da udan: kaleakjendez lepo daude, eta tabernen eta denden salmentek gora egiten dute. Parte Zaharrean Bizi elkarteak salatu du alokairuak izugarri garestitzen ari direla, eta bertako kultura «marketin» produktu bilakatzen ari dela. Gainera, zerbitzu arrunten falta nabarmendu du, eta turismoak, onurak ez ezik, kalteak ere ekartzen dituela.

Otegiren iritziz, turismoari lotutako beste apustu bat egin behar da: «Kultura, hizkuntza eta bertako ohiturak saldu nahi ditugu». Eztabaida horren atzean beste «interes politiko batzuk» daudela uste du: «Batzuek islatu nahi dute ezker abertzalearen jarrera ero bat, herritarrek pentsa dezaten politika erradikalak bilatzen ditugula, eta zentzurik gabeko kontuak mahaigaineratu nahi ditugula; eta, bitartean, EAJ aliantzak garatzen ari da PPrekin eta PSOErekin».

Basquetourren agertutako pintaketak kritikatu ditu Iker Ruis de Egino EAko bozeramaileak, bainaazaldu du alderdia bat datorrela EH Bilduren eskakizunarekin: turismo eredua zuzendu behar dela, eta «egonkorragoa» eta «adiskidetsuagoa» izan beharko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.