Akusatuak aitortu du 17 hilabeteko haurra hil zuela

Hilketa bat epaitzen hasi dira Gasteizen: amak azaldu du uko egin ziola sexu harremanak izateari, eta orduan gizonak leihotik bota zuela alaba

Jon Rejado -

2018ko irailak 6
Alicia 17 hilabeteko umea hil izana aitortu du haren hilketagatik epaitzen ari diren gizonak. 2016ko urtarrilaren 25ean hil zuten haurra, Gasteizko Askatasuna kaleko lehen solairu batetik botata. Hilketa aitortu bai, baina nabarmendu du «erotuta» zegoela hori egin zuenean, eta gaur egun ere baduela «mundua ikusteko modu hori». Akusazioen arabera, «antzerkia» egiten ari da.

Herenegun hasi zen hilketari buruzko epaiketa, eta atzo deklaratu zuten akusatuak eta umearen amak. Gizonak 30 urte zituen garai hartan, eta emakumeak, 18. Espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezartzeko eskatu dute akusazioek; lehen aldia da hori eskatzen dutena Euskal Herrian. Ezarriko baliote, kartzelan segituko luke, eta 25 urte barru aztertuko lukete libre utzi edo ez. Haurraren hilketaz gain, umearen ama hiltzen saiatzea ere leporatu diote.

Defentsak erotasuna erabili du argudio modura, aringarria lortu nahian, eta horri heldu dio akusatuak epailearen aurrean. Abokatua saiatu da frogatzen akusatuak modu nahastua duela errealitatea antzemateko. Nahasmendu hori ez dauka diagnostikatua, hala ere.

Bestalde, gizonak argudiatu du alkohola eta marihuana hartu zituela gau hartan, eta horrekin arazoak izanak dituela lehen ere.

Indarkeria eta irainak

Umearen amak, berriz, gezurtatu egin ditu akusazioaren argudio batzuk. Adierazi du elkarrizketa «normalak» izan zituela gizonarekin, eta jokabide «arraroa» behin etxean zeudela agertu zuela, emakumeak uko egin zionean sexu harremanak izateari. «Eraso» egin ziola adierazi du —akusatuak «borrokatzat» jo du—. Emakumeak kontatu du hiltzeko mehatxua egin ziola gizonak, eta kolpeak eman zizkiola. Eraso horien aurrean defenditzen saiatu zela azaldu du, eta alaba gelatik ateratzen ahalegindu zela. Haurra leihotik bota zuenean gizonak, alde egiten saiatu zen andrea, baina gizonak eragotzi zion. Azkenean, ordea, aurre egin zion emakumeak, eta zauriak eragin.

Droga kontsumoaren argudioari dagokionez, emakumeak esan du ez zuela ikusi gizona alkohola edaten edo marihuana erretzen.

Herri epaimahai batek erabakiko du kasuari buruz. Herenegun hasi ziren auzi saioak, eta datorren astean amaituko dira. Gaur eta bihar hainbat lekuko pasatuko dira epaitegitik, eta perituen txanda izango da datorren astean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna