Igarri ere ez dute egin

Larunbatetik Bilboko kale gehienetan ezin da gainditu orduko 30 kilometroko abiadura. Lehen laneguna «erraz» gainditu du neurri berriak, trafikoan oporraldia nabaritu delako.

Abiadura muga berria iragartzen duen seinalea, Bilboko Kale Nagusian. JUNE PRIETO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Gidari guztiek ez dute errespetatu. Bilboko Udalak abiadura muga orduko 30 kilometroan ipini duen edozein kaletan errepidetik igaro diren ibilgailuei erreparatu, eta berehala igartzen da behar baino azkarrago datorrenen bat. Larunbatean sartu zen neurria indarrean, eta atzo izan zuen lehen laneguna. Baina ez zen aparteko arazorik sortu. «Uztailaren 2a da: ez dago eskolarik, eta jende asko oporretara joan da. Trafiko gutxiago dabil. Irailean ikusi beharko da». Bosco Musons taxi gidaria da. Azaldu du eurek urte hasieratik izan dutela egokitzeko astia, orduan jakinarazi zietelako. Ez du alderik igarri, eta ez du espero. «Bilbon berez nahiko motel gidatzen da: hainbeste semaforo eta zebra biderekin, ezinezkoa da azkar joatea».

Iritzi bera du Angeles Ortizek. Bilobarekin paseoan ibili zen atzo Arrikibar plazan. «Moyuara arte metroan etorri gara, eta Errekalde zumarkaletik gora egin dugu hona arteko bidea. Ez gara ohartu ere egin. Eta hemen nabaritzea zaila izango da, berez ezin baita oso azkar ibili hainbeste semafororekin». Uste du hiribururako sarbideetan jaitsi beharko litzatekeela abiadura muga. «Orduan bai, orduan igarriko genuke».

Kale gehienei eragin die aldaketak. Baina sarbideak eta trafiko handieneko kaleak kanpo utzi dituzte: Kale Nagusia; Errekalde zumarkalea, Moyua eta Salbeko zubiaren artean; Hurtado Ametzaga, Juan Garai; Autonomia; Montevideo etorbidea; Unibertsitate etorbidea; Sabino Arana eta Agirre Lehendakariaren etorbideak... horietan orduko 50 kilometroan mantendu dute muga. Bost radar finko, beste bi mugikor eta sei kamera ipini ditu udalak. Lehen isuna barkatu egingo dute.

Amaia Azkaratek uste du zigorren arabera izango dela arrakastatsua aldaketa: «Ez badira serio jarriko, jendeak ez du errespetatuko». Bera Juan Garaitik eta Hurtado Ametzagatik sartu zen atzo Bilbora, eta gertu aparkatu zuen. «Ez naiz konturatu ere egin». Baina neurria gustatu zaio. Espero du oinezkoen harrapatzeak gutxitzeko balioko duela.

Txirrindulariek ere epel hartu dute aldaketa. Antonio Porras Lutxanatik etorri zen Bilbora, erretiratuen elkarretaratzera. Bidegorritik egin zuen udaletxera arteko bidea; beraz, ez zekien autoek muga berria errespetatu zuten. Beste kezka bat dauka: txirrindulariak ezingo dira espaloitik ibili. «Errepidetik joan behar dugu, kea arnasten. Txirrindularien aurkako kanpaina bat dela dirudi». Gidari moduan ere ez du egokitzat muga berria. «Abiadura horretan joateko lehen edo bigarren martxan joan behar duzu. Artifiziala da. Nik uste dut erregai gehiago kontsumituko dela; beraz, garestiago eta kutsagarriagoa izango da autoz ibiltzea».

Abiadura muga berria iazko uztailetik egon da indarrean Begoñaibarra auzoan. Agurtzane Gallo bizikletaz ibili izan da handik sarritan, eta aldea dagoela uste du. Hala ere, ez zaio iruditzen abiadura denik arazoa: «Oinezko, gidari eta txirrindulariek kalean elkarrekin ibiltzen ikasi behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.