Bizkaiko Elizak abade bat salatu du hiru andrez abusatzeagatik

Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduko kideak dira biktimak. Gotzainak azaroan jakin zuen abusuen berri. Barne ikerketa egin ostean, Bizkaiko Fiskaltzaren esku utzi du
Emakume bat Begoñako basilikara bidean, artxiboko irudi batean.
Emakume bat Begoñako basilikara bidean, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko abenduak 11
Bilboko Elizbarrutiko abade batek ustez egindako sexu abusuak ikertzen ari da Bizkaiko Fiskaltza. Elizbarrutiak berak salatu du apaiza, eta berak zabaldu du horren berri, atzo hedabideetara igorritako agiri baten bidez. Hiru andre dira biktimak, adindunak, eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduko kideak. Abusuak 2015, 2016 eta 2017an gertatu ziren. Urte horietan Bizkaiko eskaut mugimenduaren konsiliarioa zen abadea; hau da, gazteekin aisialdia eta hezkuntza lantzen dituen erakunde katolikoaren arduradun erlijiosoa zen. Iazko udazkenean karguz aldatu zuten: Bilboko Elizbarrutiko Uribeko bikariotzako burua izan da orain arte, eta, horregatik, baita Gotzain Kontseiluko kide ere. Kargugabetu egin dute.

Joan den azaroaren 1ean ezagutu zituen Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak abusuak. «Abade batek aisialdiko heziketen testuinguruan izandako ustezko portaera sexual desegoki batzuen» berri izan zuen, euren hitzetan. Erakundeak berak kideen artean banatutako barne agiri baten arabera, «zirriak» egin zizkien. Azaroaren 26an Mario Izeta Bilboko gotzaina ipini zuten jakinaren gainean. Biharamunean abiatu zuen ikerketa Elizbarrutiak, Izetaren aginduz. Joseba Segura Bizkaiko bikario nagusia izendatu zuen prozesuaren arduradun, eta, hain zuzen ere, hark irakurri zuen atzo Elizbarrutiak eta Bizkaiko eskautek elkarrekin argitaratu duten agiria. Aurretik, Elizbarrutiko hainbat erakundetako arduradunekin bildu zen Begoñako Gogarte Etxean, eta gertatutakoaren berri eman zien. «Bilboko Elizbarrutiak eta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak tinko salatzen dute pertsonen askatasun sexualaren kontra eduki daitekeen edozein portaera», ohartarazi zuen Segurak. Agintari zibilekin kolaboratzeko prestasuna agertu zuen.

Bikario nagusiaren esanetan, Eliza katolikoak sexu abusuen aurka sortu duen protokolo berria oinarri hartuta egin dute ikerketa. Era berean, salatutako abadea bere zeregin eta ekintza publiko guztietatik kendu dute, «betiere dagokion errugabetasun presuntzioa errespetatuz». Joan den astean bukatu zuen Bizkaiko Elizak ikerketa: 5ean zarratu zuten, eta 6an Vatikanora bidali zuten dokumentazio guztia. Fedearen Doktrinarako Kongregazioaren esku dago auzia.

Kasu gehiago

«Elizbarrutiak abade gehienen eta Bizkaiko Elizan heziketan eta erlijio arloetan dabiltzan pertsona asko eta askoren jarrera eredugarria aitortzen du», nabarmendu zuen Segurak. Abusuen aurkako «prebentzioan, akonpainamenduan eta heziketan bere eskuetan dauden neurri guztiak bultzatzen jarraituko» dutela ere gaineratu zuen. «Abadeen ministerioa zikinduko ez duen edozein gertakari» saihestu nahi dute. Bizkaiko eskaut mugimenduak babesa agertu die biktimei eta euren familiei. Antzeko beste kasurik balego jakinarazteko eskatu dute kideei banatutako agirian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna