Berdintasunerako estrategia bat eskatu diote udalek Europari

Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak kongresu bat egin du Bilbon, berdintasun, aniztasun eta gizarteratze politiken inguruan

Rigoberta Menchu, Basqueskola euskal alkate eta zinegotzi emakumezkoen sareko kideekin, herenegun. EUDEL.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Astelehenean hasi eta atzo arte urteko bilkura egin du Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak, Bilbon. Kide eta gonbidatuen artean, 40 herrialdetako 550 alkatetik gora elkartu dira, berdintasun, aniztasun eta gizarteratze politiken inguruan eztabaidatzeko. Bukatzean, eskaera argia egin diote Europako Batzordeari: genero berdintasuna lortzeko estrategia bat jar dezala martxan. «Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna handitzeak beste era bateko desberdintasunak txikitzea ekar lezake», ohartarazi dute aho batez onartu duten agirian.

Estrategia horrek Europako Batasuneko kide diren estatuei eragingo lieke. Uste dute «ezinbestekoa» dela «boterea eta baliabideak modu parekidean banatzea» berdintasunean pausoak emateko. Kongresua egin arte Galdakaoko (Bizkaia) alkate Ibon Uribe izan da udalen kontseilu horretako Berdintasun Batzordeko burua. Haren esanetan, andreena da Europan talderik baztertuena. Emil Brobergek hartu dio lekukoa. Europako Batasunari esan dio bere «agendako punturik garrantzitsuenetakoa» izan behar dela genero berdintasuna.

Brobergen ustetan, maila guztietako administrazioen politiketan izan behar du eragina: tokiko erakundeetatik hasi eta Batasuneko gobernu organoetaraino. Bide batez, gogoratu du udalen kontseilu horrek Genero Berdintasunaren Behatokia duela. Europako Batasunari eskatu dio behatoki hori babes dezala.

Gonbidatuen artean Rigoberta Menchu Bakearen Nobel sariduna egon da. Adierazi du ez dagoela berdintasuna lortzerik aurrekontu zehatz barik eta politikak betetzen diren berme barik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.