Euren etxea defendatzen

Oraingo eraikina utzi, eta Itzubaltzetako kultur etxera eroan nahi ditu Getxoko Udalak Ibar Nagusien Etxeko kideak. Baina ez dute nahi. Joan den astetik itxialdia egiten ari dira.

Rafa Martin —ezkerretara—, Ibar Nagusien Etxeko beste kide batzuekin hizketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Getxo
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Jesusek baino esperientzia gehiago du Agustinek, eta normalean hark irabazten du billarrean jokatzen dituzten partidetan. Ez dute abizenik eman nahi. Ahal duten guztietan elkartzen dira Ibar Nagusien Etxeko billar mahaien bueltan, Getxon (Bizkaia). Eta hala jarraitu nahi lukete. Han ibili ziren atzo ere. Jesusek ez du joan gura Getxoko Udalak Itzubaltzetako kultur etxeko hirugarren solairuan atondu dien adinekoen lokalera. «Aldaketa interes ekonomikorik gabe egin izan balitz, ez nuke joateko eragozpenik ipiniko. Baina irudipena dut honen guztiaren atzean dirua irabazteko asmoa dagoela soilik», azaldu du Jesusek, jokatzeari utzita.

Sasoi batean mojen komentu eta ikastetxe izandako eraikinean egon dira azken 30 urteetan. Baina udalak, hura eraitsi, eta etxebizitza sozialak eraiki nahi ditu orube horretan. Horregatik atondu die adinekoen aisialdirako toki berria kultur etxea dagoen eraikinean. Ibar Nagusien Etxeko bazkide gehienek, ordea, ezetz esan dute bozketa bidez. Ez dute handik mugitu gura.

Horregatik, adineko talde bat itxialdia egiten ari dira joan den astetik. Gauetan bertan egiten dute lo, txandaka. Horietako bat da Neli. Herenegun eraikinean igaro zuen gaua, eta gaur berriro itzuliko da. «Zakuetan egiten dugu lo, zoruan. Erosoa ez da; etxean hobeto gaude. Baina hau ere geure etxea da, eta defendatu egin behar dugu». Ez dago beste lokalera joateko prest. Besteak beste, eraikin honekin alderatuta oso txikia dela esan du. Kultur etxea eraikin modernoa da. «Xarmarik gabea eta hotza» iruditzen zaio. Salatu du udalak ez dituela nagusiak errespetatzen.

Taberna eta etxebizitzak

Hiru solairu ditu eraikinak, eta lorategia. Hori ere galduko lukete aldaketarekin. Taberna ere badute. «Edonor etor daiteke zer edo zer hartzera edo bazkaltzera. Ez da zertan nagusien elkarteko kide izan», azaldu du elkarteko presidente Rafa Martinek. Lehen platera, bigarrena eta azkenburukoa, 6,60 euroan eguneko menua. «Merkea da, eta asko dira hemen bazkaltzen dutenak».

Orain arte hainbat zerbitzu zituzten; besteak beste, podologoa eta ile apaintzailea. Baina udalak kultur etxeko lokalera eroan ditu. Bestelako tailerrak mantendu dizute. Adibidez, atzo goizean dozena bat adineko emakume gimnasia egiten ibili ziren, boluntario baten gidaritzapean. Eta Bizkaiko Gurutze Gorriarekin memoria lantzen ibili ziren beste batzuk. Egunkaria irakurri, patioan kafea hartu, karta jokoan aritu... Mugimendurik ez da falta.

Eraikineko gorengo bi solairuetan etxebizitzak daude. Martinek azaldu du 11 familia bizi zirela han, alokairu sozialean. «Duela bi urte, uda aprobetxatuta, udaletxera deitu zituzten, eta udalak dituen beste etxe batzuetara eraman zituzten ezkutuan». Harrezkero jakin dute eurei ere etorriko zitzaiela komentu izandakoa uzteko eguna. Baina ez daude prest, gehiengoak han jarraitu nahi duela esan duelako.

Oraingoz udalak ez die egunik ipini. Martinek uste du datorren udako oporraldian izango dela, egoitzan mugimendu gutxien dagoenean. Horregatik, erresistentzia prestatu nahi dute. Pentsiodunen babesa eskatu dute, eta gazteena. Etorkizuneko nagusiei toki duina utzi nahi diete. Bihar, 19:00etan, manifestazioa egingo dute Itzubaltzetako kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.