Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Isiltasun pitzatua

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ezkutuan, isilean egon da bost urteotan Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako auzibidea. 2013ko urtarrilean jarri zuen lehen kereila emakume batek: argazkilariak iruzur egin ziola, eta biluzik ageri zen irudiak Interneten jarri zituela. Urte hartan bertan beste hiru andrek egin zituzten salaketak. Bost urteotan, isilik jarraitu du kasuak, baina katea hautsi da orain. Mario Diez akusazioko abokatuak egindako bideoa izan zen lehen kolpea; asteon BERRIAk eman du kasuaren berri, lekukotasun eta guzti; eta herenegun, argazkilaria kartzelatzeko agindua. Hamasei salaketa jakinarazi dituzte. Isiltasuna pitzatzen ari da, baina galdera asko dago airean. Eta isiltasun ozenak.

Iruñeko taldeko sexu erasoaren epaiak ezinegona eragin du justiziak eraso matxistekin duen jokabideaz. Epaileek ez dute indarkeria ikusi bost gizon sendok emakume gazte bat gela txiki batean inguratu eta behartzean, eta abusu mailara jaitsi dute delitua; batek ez du abusurik ere sumatu.

Cabezudoren aurkako kereila bideratzeko moduak ere sortu ditu zalantzak. Ezohikoak gertatu dira, auzitegietako iturriek eurek aitortu dutenez. Orain, Cabezudo espetxeratzeak gehiago jarri du auzitan orain arteko jarduna.

Hamar aldiz eskatu dute, izan ere, Cabezudo kartzelatzeko. Aurreko bederatzi eskariak atzera bota ditu Ana Isabel Perez Asenjo epaileak —Probintzia Auzitegiak babestuta—. Akusazioak argudiatu du Cabezudok ez dituela Internetetik kendu salatzaileen argazkiak eta bideoak, eta epailearen aginduei aurre egin diela horrela. Epaileak ez du onartu argudio hori. Ez hori bakarrik: auzibidean aurrera egiteko, 3.000 euro eskatu dizkie emakumeei, argazkilariak «kalterik» jasango balu pagatzeko —400.000 euro eskatu dizkio Cabezudori, kalte-ordainik eman beharko balu ere—.

Akusatua kalean egon da orain arte. Eta kartzela agindua orain. Zergatik? Bi aldaketa behintzat izan dira. Bat, epailea. Perez Asenjo auzitara eraman du akusazioak, ez zuelakoan ziurtatu kenduak zeudela andreen argazkiak eta bideoak. EAEko Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du kereila, eta apartatuta geratu da epailea. Hirugarren epaitegira igaro da auzia, eta bestelako ildo bat hartu du Julian Garcia Marcos epaileak: espetxera bidali du argazkilaria.

Kasuak hartutako oihartzuna da beste aldaketa. Komunikabideen fokupetik kanpo egon da orain arte, ikusgarritasunik gabe, baina hautsi egin da hori: epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuten herenegun bertan, eta kazetari ugari elkartu ziren. Ez da berritasun bakarra: akusazioak eginahalak egin ditu kasua Gipuzkoatik kanpora eramateko, eta Espainiako Fiskaltza Nagusia behartu du ohar bat kaleratzera—Odon Elorza Donostiako alkate ohiaren izena ageri duen idazki bat aurkeztu du—. Ez du lortu kasuari Madrildik heltzea, baina bai fiskaltzaren aldaketa: Cabezudo espetxeratzea babestu du orain.

Mugarria izan da aste hau Donostiako argazkilariaren aurkako auzibidean. Hamasei salaketaren berri eman dute orain arte, baina ziurra da badirela kasu gehiago; sexu abusuekin lotutako kasuetan ohikoa baita biktimak denbora luzez isilik egotea, eurei bakarrik gertatu zitzaiela uste izanda, edo kontatzeko lotsak eraginda.

Iruñeko sententziak eraginiko suminarekin, ehunka emakume ari dira jasan dituzten eraso matxisten berri ematen egunotan, Konta ezazu lelopean. Isiltasuna pitzatzeko ariketa bat da. Badago zer pitzatu: nork babestu duen Cabezudo hain denbora luzean, nor ari den Iruñeko emakumearen datuak Interneten zabaltzen. Eta nor dagoen erasoen aurrean isilik eta geldi. Konta dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.