Maite Asensio Lozano.
ANALISIA

Baimenak, dirua dagoenerako

2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Seme-alabarik dutenek badakite haurren zaintzan lehen hilabeteetan hartutako ohiturek eragin handia dutela hurrengo urteetako jardunean. Ekuazio logikoa da: emakumeek hamasei asteko amatasun baimena izanda —bikotekideek bikoa—, haiek igarotzen dute denbora gehien jaioberriekin, eta haiek bihurtzen dira aditu zaintzan, haurren negarrak eta keinuak interpretatzen, pixoihalak aldatzen biberoia berotzen den bitartean... Hartara, gerora, haiek agertzen dute erresistentzia gutxiago umea zaintzeko bikotekideetako batek lanaldia murriztu behar duela planteatzen denean: logikoa baita, amak ezagutzen baitu hoberen haurra. Hortik dator emakumeak pobretzea, andre askok ibilbide profesionala baztertzea, eta ondorengoak.

Emakume eta ama ona izateko agindu patriarkala elikatzen du gurasotasun baimenen arteko aldeak, egun inoiz baino gehiago. Izan ere, gizartearen hainbat esparrutako diskriminazio formalak desagertzen ari diren bitartean, seme-alaben zaintza andreen ardurapean geratzera behartzen du legeak, amatasun eta aitatasun baimenak ez parekatuz.

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak berak onartu du haur bat jaiotzen denean indartzen direla genero rolak bikotean. Baina bikotea banatu ostean epaitegiek ezarritako zaintza partekatua hainbeste goratzen den aldiotan, harritzekoa da inor gutxik —ezta seme-alaben hazkuntzan eginkizun aktiboa izan nahi dutela dioten gizonek ere— ez aldarrikatzea zaintza partekatzeko modu eraginkorrena haurraren bizitzaren hasieran erantzukizunak konpartitzea dela, eta horretarako ezinbestekoa dela jaioberriekin denbora material kalitatezkoa igarotzea.

Martxo erdialdean «aitatasun eraldatzaileei» buruzko jardunaldi batzuetan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkarik, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria bera. Haurren hezkuntza prozesuan gizonen parte hartzea zein inportantea den nabarmenduko dutenean, gogora ekartzekoa izango da asteon galdutako aukera: gurasotasun baimenak parekatzeko proba egitasmo bat abiatzeari uko egin dio Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PP eta UPDren botoekin.

Aldiz, eskari bat egin diote Espainiako Gobernuari: eredua berraztertzeko, eta baimenok parekatzeko pausoak emateko. Hori bai, «egoera ekonomikoak ahalbidetzen duenean». Auzia ez da berria: Espainiako Kongresuak 2011n onartu zuen aitatasun baimenak luzatzen hastea —hala agintzen du 2007ko Berdintasun Legeak—, baina neurriaren aplikazioa atzeratzen ari da gobernua urtetik urtera, dirurik ez dagoela argudiatuta. Eta hor dago koska: berdintasunaren diskurtso politikoki zuzenean geratzen diren politikariek ez dutela sinesten emakumeen eskubideak egiaz eskubide direnik, luxutik hurbilago dauden eskakizunak baizik. Izan ere, dirua dagoenean gauzatzeko uzten direnak kapritxoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.