Zortzi urteko zigorra eskatu dute fiskalek bortxaketa kasu bitan

Ibai Maruri Bilbao.
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eta Arabako lurralde auzitegietan bortxaketa kasu bana epaitzen ari dira egunotan. Bietan fiskalek zortzi urteko espetxe zigorra eskatu dute akusatuentzat. Biktima biak «beldurraz» mintzatu zaizkie epaileei.

Donostian epaitzen ari diren kasuan, biktima adingabea zen. 2013an gertatu ziren bi sexu erasoak, neskak 13 urte zituenean. Gurasoen lagun izandakoa da akusatua. Biktimak «osabatzat» zeukan. Fiskalaren arabera, hurkotasun hori aprobetxatu zuen umeari abusuak egiteko. Biktimak esan du beldurragatik ez ziola inori kontatu. Bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta laguntza psikologikoa jaso zuen.

Gasteizen epaitzen ari diren bortxaketa iazko parranda gau batean gertatu zen. Biktima bakarrik geratu zen lagunak etxeratu zirenean. Galdu egin zen; akusatua autoz igaro zen, eta laguntzeko prest agertu zen. Parke batera eroan zuen, eta han, bortxatu egin zuen, auto barruan. Biktimak adierazi du ez hiltzeko eskatu ziola erasotzaileari.

Bestalde, Hondarribian (Gipuzkoa) 26 urteko gizon bat atxilotu dute, bikotekideari eraso egitea egotzita. Kalean jipoitu zuen, herenegun. Gaitzespen bilkura egin zuten atzo, udaletxe parean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.