Amaia Azkueren hiltzailea adingabeen zentrotik irten ahalko da, zaintzapean

Gizarteratze programan bilakaera «positiboa» izan duelako hartu du erabakia Donostiako Adingabeen Auzitegiak. Hamar urteko zigorra du

Amaia Azkueren hilketa salatzeko elkarretaratze bat, 2014an. J. C. RUIZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Donostiako Adingabeen Auzitegiko epaileak erregimen erdi irekia onartu dio Amaia Azkueren hiltzaileari. 24 urte ditu egun A.E.-k, baina 17 zituenean hil zuen Azkue. Datorren hilean zazpi urte beteko ditu Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondoko adingabeen zentroan. Epailearen arabera, gizonak bilakaera «positiboa» izan du gizarteratze programan. Espainiako Adingabeen Legearen arabera, zigorraren erdia betetakoan, zigortuak jarrera «ona» erakutsi badu, erregimena arindu dezake epaileak. Kasu honetan, hamar urteko itxialdia ezarri zioten. Zigorra betetakoan beste bost urtez egon beharko du zaintzapean aske.

Erabakia hartu aurretik, adingabeen epaileak Ibaiondoko psikologoen eta hezitzaileen txostenak aztertu ditu. Erregimen berriak zentrotik irteteko aukera emango dio Azkueren hiltzaileari. Besteak beste, ikasteko edo lan merkatura sartzeko aukera izan dezaten onartzen dute epaileek erregimena irekitzea. Baina izango ditu mugak: zentrotik irten ahalko da, baina aurrez zehaztutako jarduera jakin batzuk egiteko, eta betiere hezitzaile baten zaintzapean edo laguntzarekin.

2011ko martxoaren 16an hil zuen Amaia Azkue; 39 urte zituen emakumeak, eta Oriokoa zen. Azpeitiko (Gipuzkoa) Ibai Eder urtegian aurkitu zuten haren gorpua. A.E.-k 18 urte bete bezperan aurkeztu zuen bere burua polizia etxean, eta egindakoa aitortu. Adingabeen auzitegiaren esku geratu zen auzia. Epaitu zutenenerako adinduna zen arren, adingabeei dagokien zigorra betetzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.