Erlijioak ez du notarako balioko, eta errebalidak desagertu egingo dira

Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak LOMCE mantenduko du, baina artikulu batzuk indarrik gabe utziko ditu
Isabel Zelaa Hezkuntza ministroa, atzoko agerraldian.
Isabel Zelaa Hezkuntza ministroa, atzoko agerraldian. BALLESTEROS / EFE

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko uztailak 12
«Ezin dugu LOMCE indargabetu. Beste lege batzuetan oinarrituta dagoen erreforma bat da. Indargabetuko bagenu, hezkuntza arloko araudirik gabe geratuko ginateke». Horregatik, Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketa ministroak eutsi egingo dio aurreko gobernuak onartutako testuari, baina artikulu batzuk aldatuko dizkio. Besteak beste, erlijioei lotutako irakasgaiek indarra galduko dute: eskainiko dira, baina ez dute ordezko beste irakasgairik izango, eta ez dute balio akademikorik edukiko. Balore zibiko eta demokratikoak hedatzeko irakasgai berri bat sortuko du, eta derrigorrezkoa izango da ikasle guztientzat. Zelaak Espainiako Kongresuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Batzordean iragarri zituen atzo bere ministerioaren asmoak.

LOMCEk ezarritako errebalidak ere kenduko ditu Espainiako Gobernuak, baina azterketei eutsiko die Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta DBHko 2.ean: diagnosia egiteko erabiliko dira, eta ez dute balio akademikorik edukiko. Praktikan, inoiz ez dira errebalidak egin, PPren gobernuak berak balio akademikoa kendu baitzien, Iñigo Mendez de Vigok Jose Ignacio Wert ordezkatu zuenean Hezkuntza Ministerioan. Zelaaren ustetan, «ezinbestekoa» da ikasleen ezagutza maila eta ikastetxe bakoitzaren egoera ebaluatzea, eta hori izango da azterketon helburua. EH Bilduko diputatu Oskar Matutek galdetu dio ea zer gertatuko den Euskal Herrian LOMCEk ezarritako azterketei planto egin dioten ikasleekin, baina ministroak ez dio horri buruzko erantzunik eman.

Era berean, Zelaak pisua kendu nahi die itunpeko ikastetxeei, hezkuntza sistemaren ardatza eskola publikoa izateko. Asmo horrekin, indargabetu egingo du LOMCEren 109. artikulua, esaten baitu itunpeko plazak eskaeren arabera onartuko direla, mugarik gabe. Alderdi guztiek bat egin dute itunpekoen lana eta publikoaren garrantzia azpimarratzerakoan. Hala ere, itunpekoei buruz, ikasleak generoen arabera banatzen dituzten ikastetxeen kontua ipini dute mahai gainean: ministroak iragarri du elkarrizketa prozesu bat sustatuko duela haiekin, «bat egin dezaten hezkuntza sistema integratzaile eta ez-bereizlearen aldeko balioekin ».

Generoari lotutako segregazioa ez ezik, ikasketa gaitasunei lotutakoa ere bukatu nahi du. Horregatik, bertan behera utzi nahi ditu LOMCEk sortutako ikasketa ibilbideak. «13 urterekin ikasketa ibilbideak sortzen badizkiegu, ikasleen etorkizuna eta ikasteko aukerak baldintzatzen ditugu». PPko bozeramaileak esan dio ibilbide horiek hautazkoak direla, baina ministroak uste du ikasleek barik ikastetxeek edo familiek aukeratzen dituztela, eta askotan ez direla kontuan hartzen ikaslearen beharrak.

Artikulu gehiago ere moldatuko dizkiote legeari: 122.a, 127.a eta 135.a, kasurako. «Demokrazia eskolatik ikasi behar dute ikasleek. Horregatik, familiek eta hezkuntza komunitateak ikastetxeetako eskola kontseiluetan zuten parte hartzea berreskuratu nahi dugu». Gainera, zuzendariak izendatzeko prozesua ere aldatu nahi dute: «demokratikoagoa» izango da. Zelaak erantsi du ikastetxeek autonomia berreskuratuko dutela, baina trukean ohartarazi «arduraz» jokatu beharko dutela.

EAJk, EH Bilduk, ERCk eta PDeCATek galdetu diote ea errespetatuko dituen autonomia erkidegoek hezkuntza arloan dituzten eskumenak. Zelaak erantzun du Espainiako Konstituzioa eta autonomia estatutuak «zorrotz» beteko dituztela: «Normala da batzuetan erakunde batzuek besteen eskumenak zapaltzea; halako kasuetan egoera aztertu eta arazoa konpondu beharko da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna