Behin-behineko irakasleek postuari eutsi ahalko diote oposizioetara atera artean

Eusko Legebiltzarrak hezkuntzako egonkortasuna areagotzeko eskaria onartu du aho batez. Neurriak negoziatzeko deia egin diote Jaurlaritzari

Bigarren Hezkuntzako oposizioak, larunbatean, BECen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Irakasleen egonkortasuna areagotzeko proposamen bat onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak, aho batez. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten behin-behineko gisa ari diren irakasleek izan dezatela aukera ari diren lanpostuan segitzeko, harik eta postu hori oposiziora atera eta titular bat izendatu arte. Berdin ordezkapenen kasuan ere: postuaren titularra itzuli arte, ordezko berberak jarrai dezala postuan. Legebiltzarrak ohartarazi du egonkortasuna funtsezkoa dela hezkuntzan: bai irakasleen ongizatea areagotzeko, bai eskoletako hezkuntza proiektuak garatzeko.

EH Bilduk eraman du gaia parlamentura, legez besteko proposamen batekin. Erdibideko zuzenketa bat adostu du gainerako taldeekin, eta aho batez atera da aurrera —alde bozkatu dute, beraz, gobernuko bi alderdiek ere: EAJk eta PSE-EEk—. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du garrantzi handiko gaia dela egonkortasunarena: «Ikastetxeen aldarrikapen etengabea izaten da, langileak urtez urte aldatzeak hezkuntza proiektuen garapen egokia eragozten duelako». Gaiari buruz sindikatuekin hitz egiteko eskatu dio legebiltzarrak gobernuari. Hain zuzen ere, gogoan izatekoa da ELAk ez beste sindikatuek Hezkuntza Sailarekin maiatzean sinatutako akordioan jasoa dagoela ordezko irakasleen egonkortasuna.

Beste eskari bat ere egin du legebiltzarrak: egonkortasuna handitzeko neurri horiek ezarri bitartean, Hezkuntza Sailak areagotu dezala irakasleen kopurua «egoera zaurgarrian edo egoera berezian» dauden eskoletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.