Altsasuko auziko preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan daude jadanik

Iñaki Abad, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz izan dira ekarri dituzten azkenak. Iruñeko eta Zaballako espetxeetan dituzte zazpi auzipetuak
Joan den uztailean Iruñean Altsasuko auziaz izandako manifestazioa.
Joan den uztailean Iruñean Altsasuko auziaz izandako manifestazioa. JON URBE / FOKU

Erredakzioa -

2018ko irailak 8
Altsasuko auzian preso dauden zazpi gazteak Euskal Herriko espetxeetan dira jadanik. Altsasu Gurasoak-ek Twitterren jakinarazi zuenez, atzo jakin zen ekarri dituztela falta ziren hirurak: Iñaki Abad, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz. Iruñeko kartzelara eraman dute Abad, eta Zaballara (Araba) Unamuno eta Arnanz.

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak abuztuan hasi zituen mugimenduak: 24an, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob Zaballara eraman zituzten, eta, astebete beranduago, Aratz Urrizola ere hara, eta Adur Ramírez de Alda, Iruñekora. Madril inguruko espetxeetan zeuzkaten zazpiak preso.

Ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte arteko zigorra ezarri zien zortzi auzipetuei; guztira, 79 urte, 2016an Altsasun (Nafarroa) taberna batean guardia zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako liskar batengatik. Ainara Urkijo zigortua ez dago preso, bi urteko kondena jaso zuela eta. Defentsak aurkeztua du epaiaren aurkako helegitea, erabakia «neurriz kanpokoa» delakoan. Fiskaltzak ere aurkeztuta du, ez dituztelako zigortu «terrorismo» delituagatik. Uda ondorengorako espero da epaileen deliberoa.

«Lortuta aurreneko pausoa: gerturatzea. Bigarrenaren bila orain: askatasuna», esan du Nafarroako Sortuk txio batean.

Iñigo Gulina, aske

Iñigo Gulina euskal presoa aske geratu da, ia urtebetean kartzelan egon ondoren. Joan den abenduan, Alemaniatik Espainiara estraditatu zuten Burlatakoa (Nafarroa); Jaen II-n zeukaten preso. Iazko urrian atzeman zuten, Berlinen, Mikel Barriosekin, ETAko kide izatea egotzita. Atxilotze agindua zuten, kale erasoetan parte hartzea leporatuta. Guardia Zibilak eta Alemaniako Poliziak elkarlanean egin zuten operazioa; Barriosek preso jarraitzen du, Osnyn (Frantzian).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna