Auzitegi Nazionalak agindu du Sanz eta Goñiren ondasunak ikertzeko

'Banca Civica auziari' lotuta, Espainiako Poliziari galdegin dio txostena Eloy Velasco epaileak
Enrique Goñi eta Miguel Sanz, 2009an, CANen emaitzak eta aurreikuspenak azaltzen.
Enrique Goñi eta Miguel Sanz, 2009an, CANen emaitzak eta aurreikuspenak azaltzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Erredakzioa -

2014ko abenduak 26
CANeko presidente ohi Miguel Sanzen eta kutxa horretako zuzendari izandako Enrique Goñiren ondasunei buruzko informazioa nahi du Eloy Velascok. Azaro erdialdean auzia berriz irekitzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta, Diario de Navarra egunkariak jakinarazi duenez, Sanzen eta Goñiren kontuak aztertzeko agindu dio orain UDEF delitu ekonomikoetarako Espainiako Poliziaren talde espezializatuari. Kontuz-ek salatu zuen auzia, eta, hori aintzat hartuta, fiskalak eskatu zuen Poliziaren esku hartzea.

Hainbat mugimendu ikertzeko eskatu zuen Kontuz kontsumitzaile elkarteak. Besteak beste, Nafarroako Kutxan erretiroak aurreratzeko egindakoak, kutxaz kanpoko pertsonen kontratazioak, eta 2002 eta 2008 artean Nafarroatik kanpo hedatutako bulegoei buruzkoak. Baita enpresa batzuekin egindako operazioak ere. Salaketa horiek oinarri hartuta, Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du «kereilatutako pertsonengana eskualdatutako diruak edo bestelako aktiboak ikertu eta txosten bat osatzeko». Autoan ez dituzte aipatu Sanz eta Goñiren izenak, baina haiei eragiten die aginduak, haien aurkako kereilak aurkeztu zituztelako auziaren zati horretan.

Salatutako delituak

Kontuz-en akusazioak oinarririk baduen ikertzeko bidea ireki du horrela Velasco epaileak. Besteak beste, administrazio bidegabea, bidegabeko jabetzea, delitu fiskalak eta kapitalen zuritzea aipatu zituen kontsumitzaile elkarteak.

Poliziak ikertuko du legez kanpoko jarduerarik egon den Sanzen eta Goñiren jardunean, baina Espainiako Bankuko perituei ere eskatu die informazioa Auzitegi Nazionaleko epaileak. Zehazki, Nafarroako Kutxaren eta Banca Civicaren kaudimenaren ingurukoa. Gainera, kereilatuen eta haien ingurukoen ondasunei buruzko txosten bat ere nahi du Velasco epaileak, ikusteko zein zen haien egoera ikergai diren operazioen aurretik eta ondoren.

Velascok berak erabaki zuen Banca Civica auzia artxibatu eta Nafarroako Kutxaren inbertsio batzuen ikerketa Iruñeko auzitegira bidaltzea, joan den ekainean. Duela hilabete, ordea, berriz ireki zuen auzia, dokumentazioa falta zela iritzita. Azaldu zuen «amaitu gabe» dagoela Banca Civicaren fusioa eta burtsara irteteari buruzko instrukzioa —Nafarroako Kutxaz gain, Cajasol, Caja Canarias eta Caja Burgos batzen zituen Banca Civicak—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna