2019an hasiko dituzte AHTaren Donostiako geltokiaren lanak

Aldirietako trena, autobusa eta AHTa lotuko ditu geltoki berriak. Tapia sailburuak ziurtatu du lanak amaituta egongo direla 2023rako
De la Serna, Tapia eta Goia, proiektuaren aurkezpen ekitaldian.
De la Serna, Tapia eta Goia, proiektuaren aurkezpen ekitaldian. JON URBE / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2018ko maiatzak 15
Abiadura handiko trena izango duen lehen hiriburua izango da Donostia. Atzo aurkeztu zuten, udaletxean, AHTaren geltoki berriaren proiektua Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak. Tapiaren esanetan, «behar funtzionaletara» eta arkitektura eta hirigintza arloko eskakizunetara egokituko da 2019. urtearen amaieran eraikitzen hasi nahi duten geltoki berria, eta autobus geltokiarekin eta Egia auzoarekin lotuko du trenbidea: «Atotxako terminala Norteko Geltokiaren eta Tabakalerako inguruaren egungo arkitekturan integratuko da, garraiobide desberdinen arteko intermodalitatea bultzatzeko». Eptisa Cinsak eta Jon Monterok osatutako aldi baterako enpresa elkarteari esleitu dio Jaurlaritzak proiektuaren erredakzioa; 861.033 euroko kostua izango du, eta hamar hilabete izango dituzte proiektua diseinatzeko.

Geltoki berriaren azalera guztia beheko solairuan ezartzeko «zailtasunak» direla eta, handitu egingo dute jatorrizko eraikina. Hala, bi solairu eraikiko dituzte, Tabakaleran dagoen hoteleko eraikinarekin eta AHTra sartzeko eraikinarekin bat egingo dutenak: «Hotelaren fatxada ere multzoan integratuko da, eta Tabakalerako kuboaren antzekoa izango da, jarraitutasun sentsazioa lortzeko».

«Pozik» agertu da Goia geltoki berriaren proiektuarekin: «Oso pozgarria da, arkitektura eta hirigintza alorretan mugarri izango baita». Halaber, Goiak egokitzat jo du Jon Monteroren proiektua aukeratu izana: «Monterok inork baino hobeto ezagutzen du Tabakalera, eta horrek emaitza egokia lortzen lagunduko du». Goiaren ustez, Donostiak «geltoki modernoa» izango du hiri erdigunean. Lanak 2020 eta 2021 artean amaitzea espero du Jaurlaritzak; gehienera jota 2023rako amaituko dituztela adierazi du Tapia sailburuak.

Beste bi solairu

«Hirigintza arloko mugek behartuta», beheko solairuan eta sotoan jarriko dute geltokia. Kaleko kotan kokatuko dute solairu bat; han egongo da geltokiko atarirako sarbidea. Sotoko solairuan egongo dira, berriz, atari hori eta AHTaren nasetarako sarbidea. Kaleko kotan kokatutako solairuak lotura egingo du aldirietako trenaren egungo geltokiarekin.

Horrez gain, estali egingo dute geltoki berria, eta gainean jarriko duten plazan argiztapen eta hirigintza elementu berriak sartzea aurreikusi dute proiektuan. Halaber, lurpeko hiru igarobide izango ditu geltokiak. Horietako bat egina dago jada, eta Egia auzoa hiriko erdigunearekin lotzen du. Proiektuan aurreikusitako beste bi igarobideak, berriz, distantzia ertain-luzeko eta aldirietako trenen nasetarako sarbideak izango dira. Tapiaren esanetan, AHTa hiriburuetara «heldu eta integratzean dago erronka». Jakinarazi du Gipuzkoako tartean lanaren hamazazpi zatietatik hamabi amaituta daudela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna