Araban, ikasle atzerritarren %91 eskola publikora bidali dituzte

Segregazioa bukatzeko proposamenaren balantzea egin dute ikastolek. «Hobera» egin arren, tokian tokiko desorekak salatu dituzte
MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko otsailak 8
Ikasturte honetan, matrikulazio garaitik kanpo iritsi diren jatorri atzerritarreko ikasleen %91 sare publikora bideratu dituzte eskolatze batzordeek Araban. Eta horietatik gehienak ikastetxe gutxi batzuetara. Azaroaren 31ra arteko kopuruak dira. Ikastolen Elkarteak eman zuen atzo datua. «Zergatik? Guk ez daukagu erantzunik. Bakoitzak atera ditzala ondorioak», esan du Koldo Tellitu federazioko lehendakariak. «Gasteizen zergatik bideratu dituzte bi ikasle soilik Armentia ikastolara? Zergatik 408 sare publikora?». Beste lurraldeetan eskolatze batzordeek hobeto lan egin dutela zehaztu du: itunpeko sareak %36 jaso ditu Bizkaian; %32, Gipuzkoan. Oraindik desoreka dagoen arren, irizpide berriek eragindako aldaketa «sakona» izan dela uste du.

Kontrako adibidea Durangon topatu dute, Bizkaian: itunpeko hiru ikastetxeek jaso dituzte atzerriko jatorria duten hamar ikasletik zazpi. Desoreka horiei aurre egiteko Berme Batzordeak martxan jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Gobernuak berak iragarri zuen sortzeko asmoa duela. Tellituk uste du horietan hezkuntza eragile guztiek hartu beharko dutela parte. Berme Batzordea hilero bilduko balitz herri edo eskualde batzuetan dauden desorekak konponduko liratekeela iruditzen zaio.

Joan den urrian segregazioaren aurkako proposamena aurkeztu zuten ikastolek. Denbora tarte honetan hainbat bilera izan dituzte eragileekin, eta oraindik ez dituzte amaitu. «Esan dezakegu gure proposamena ezagutarazi dugula gizartean. Eta aurkezpen guztietan adierazi dugu gurea proposamen bat dela, ez dela errezeta hutsezin bat, eta irekita gaudela besteren batek egindako proposamenak aztertzeko», azaldu du Nekane Artola lehendakariordeak.

Ikasturte honetan, 4.500 ikasle matrikulatu dira epez kanpo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aurrekoan, 4.320. Aurreikuspena dute hurrengoetan gehiago izango direla. «Herri kohesionatu bat eraiki nahi badugu politika espezifikoak egitera eraman behar gaitu», ohartarazi du Tellituk.

Ikastoletan, adibidez, 500 ikasle baino gehiago jaso dituzte, azaroaren 31ko datuen arabera. Dagoeneko 600 inguru direla esan du Tellituk. «Progresio honi eutsiz, ikasturtea amaitzerako atzerritar jatorriko 900 ikasle berri izango ditugu; iaz baino %300 gehiago». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman duten pisuaren pareko zenbatekoan jaso dituzte jatorri atzerritarreko ikasleak: %15 bueltan.

Euskarak kezkatuta

Euren buruari ere lana ipini diote ikastolek, urritik aurkezten ibili diren proposamenean. Batetik, atzerriko jatorria duten ikasleei erantzun egokia eman nahi diete. Horretarako, Harrera Plan Integrala lantzen ari dira. Bost ardatz izango ditu: ikaslearen hasierako harrera, aurre-ebaluazio integrala, kokapena eta hizkuntza trataera, familiarekiko harremanak, eta eskolatze prozesuaren ebaluazioa. Ikasle horiek ikastoletan geratzea nahi dute. Beka sistema berrituko dute hori lortzeko.

Hizkuntzaren inguruan kezka agertu du Tellituk, ikasleen euskalduntzean eragina izango duelako fenomenoak. Horregatik, Madrilen eta Katalunian martxan ipini diren esperientzia batzuk aztertzen ari dira. Ikasle guztiekin inklusibotasuna lantzeko unitate didaktiko bat lantzen ere badabiltza. Hori guztia aurrera eroateko hezkuntza sistema osoak baliabide ekonomikoak behar dituela ohartarazi dio Jaurlaritzari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna