Uholdeek zirkulazioa moztu eta kalteak eragin dituzte Euskal Herrian

Angeluko suhiltzaileek 230 esku hartze egin dituzte; Gasteizkoek, berriz, 60. Alerta egoerak astelehen eguerdira arte iraun du. Bideoa albistearen amaieran.
Ekaitzak Uztaritzen (Lapurdi) eragindako kalteak, atzo.
Ekaitzak Uztaritzen (Lapurdi) eragindako kalteak, atzo. ISABELLE MIQUELESTORENA

Iosu Alberdi -

2018ko uztailak 17
Igandetik astelehenerako gauean euriak gogor jo zuen Euskal Herria. Alerta egoerak atzo eguerdira arte iraun zuen; horia zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta laranja Ipar Euskal Herrian. Kalte gehien izan ziren lurraldea Lapurdi izan zen. 03:00ak aldera hasi zen ekaitza, eta, horren eraginez, hainbat bide moztu behar izan zituzten, eta zenbait lekutan zirkulazioa eten, uholdeengatik eta ur putzuengatik. Hegoaldean, berriz, igandean gertatu ziren eurite handienak, eta Araba eta Gipuzkoan izan ziren kalte gehien. Ekaitzaren erdian, 67 urteko gizon bat hil zen igandean, Ilarduian (Asparrena, Araba). Ertzaintza ikertzen ari da ea tximista batek jota hil zen.

Lapurdin zirkulazioa eten behar izan zuten hainbat puntutan, Baiona inguruan eta A-63 errepidean, euri zaparradek eta tximistek eragindako kalteen ondorioz. Halere, egoera leheneratuz joan zen egunak aurrera egin ahala. Arratsaldean oraindik ere itxita zeuden, ordea, bigarren mailako hainbat errepide; besteak beste, Uztaritzen eta Ezpeletan.

Angeluko suhiltzaileek ere lan handia izan zuten, 230 esku-hartze eskaera jaso baitzituzten. Horietako hamabost izan ziren inoren segurtasuna arriskuan zegoelako, batik bat errepidean ez aurrera ez atzera geratu ziren autoengatik. Halere, ez da ezbehar larririk izan.

Araban ere antzera egon ziren igande arratsaldean. Esate baterako, ordu erdian 24 litro ur erori ziren Gasteizen. Hiriko suhiltzaileek 60 esku hartze egin zituzten, jasotako 120 abisuei erantzunez. Gehienak garaje eta lokalak urak hartzearen ondorioz, eta bideetan eroritako zuhaitzak mugitzeko.

Araba guztian egin zuen euria gogotik, eta Ilarduian gizon bat tximista batek jo zuelako hil ote zen ikertzen ari da Ertzaintza. 67 urteko gizona kanpoan zen ekaitzaren erdian, eta haren telefono mugikorra erreta aurkitu zuten. Ordea, oraindik ikertzen ari dira zein izan daitezkeen heriotzaren arrazoiak.

Gipuzkoan, berriz, Goierrin izan dituzte kalte gehien. Esaterako, hainbat bide itxita geratu ziren Ataunen eta Lazkaon, eta ibaiak gainezka egin zuen.

Atzo goizetik aurrera, eguraldiak hobera egin zuen, eta egoera baretu egin zen berriro ere; halere, ez azken euriak bota gabe. Euskalmeten Almike estazioan (Bermeo, Bizkaia) orduko eta metro karratuko 13,3 litro ur erregistratu zituzten atzo goizean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna