Herritarren %76, gizonek jarrera parekide aktiboak izatearen alde

Berdintasunaren inguruko iritzi bilketa bat egin du Jaurlaritzak. Herritarren %72k diote andre politikariak okerrago tratatzen dituela prentsak

Jon Ander De la Hoz -

2018ko maiatzak 11
Gizonek berdintasunaren aldeko jarrera aktiboak izatea egokitzat jotzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek. Parekidetasunaren alorrean herritarrek dituzten iritziak bildu ditu Eusko Jaurlaritzak; atzo aurkeztu zuen martxoaren 20tik 24ra egindako inkestaren txostena. Biztanleen %76k gizonen parekidetasun jarrerak babesten dituzte; horien artean kokatu dituzte, besteak beste, gizon batek lagunen aurka egitea iruzkin sexistengatik %76, gizon batek bere burua feministatzat izatea %68, eta umeak zaintzeko baimena hartzea %96. Jaurlaritzaren arabera, babes maila hori handiena da Europako Batasuneko herrialdeen artean, Suediarekin batera.

Emakumeek berdintasunaren aldeko jarrera aktiboa izateak ere babes zabala du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala, gizarteak ondo deritzo emakume batek jokaera matxistak salatzea %92, emakume batek bere bizitzan jardun profesionalari lehentasuna ematea %86, eta bere burua feministatzat jotzea %74. Iritzi horiek ematean ez dago alderik elkarrizketatuen artean generoari dagokionez.

Aldea nabarmenagoa da politikariek jasotzen duten trataeraren inguruko pertzepzioan. Hala, emakumeen %72 «ados edo guztiz ados» daude andre politikariek hedabideen trataera okerragoa jasotzen dutela diotenean. Aldiz, gizonen kasuan %60k dute pertzepzio hori. Emakumeek erabakitze postuetan presentzia handiagoa izatearen alde agertu dira andreen %75 eta gizonen %67. EBn %54 daude horren alde, batez beste. Eusko Jaurlaritzak azaldu du erantzukizun politikoak hartzeko gaitasunaren inguruan «estereotipoek iraun» egiten dutela.

Halaber, Jaurlaritzak dio herritarren ustez «andreek zein gizonek» arduratu behar luketela etxea eta familia zaintzeaz. Alabaina, biztanleen %84k uste dute emakumeek denbora gehiago pasatzen dutela zeregin horietan. Haurren zaintza banatzeko orduan, hamarretik sei ados azaldu dira bikoteak lan profesionala ordu gutxiagoz egin eta haurren zaintza erdibana egitearekin. %33k, berriz, lanean berdin jarraitu eta haurra zaintzeko laguntza bilatzearen aldeko iritzia adierazi dute.

Soldata arrakala, ageriko

Andre eta gizonen soldaten artean aldea egon ohi dela uste dute elkarrizketatutako hamar lagunetik zazpik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %98 agertu dira horren aurka, «batere onargarria» ez dela argudiatuta. Balorazio negatibo hori EB mailako altuena dela azpimarratu du Jaurlaritzaren txostenak. Halere, irudipena aldatu egiten da norberak lan egiten duen enpresari buruz galdetzean; andreen %17k eta gizonen %11k soilik uste dute pareko lanpostuetan andreek diru gutxiago kobratzen dutela.

Galdekatutako herritar guztiak bat etorri dira berdintasun politikak sustatzeko beharra azpimarratzerakoan, eta %98k uste dute garrantzitsua dela hori «gizarte justu eta demokratikoagoa lortzeko».

Bestalde, Jaurlaritzaren txostenak dio estereotipoak oraindik ere «indarrean» daudela gizartean. Hainbat adierazle jarri dituzte horren adibide; besteak beste, herritarren %51k uste dute andreek erabaki gehiago hartzen dituztela emozioetan oinarrituta. Halaber, inkestan parte hartu duten herritarren %11k uste dute emakumezkoen zeregina etxea eta familia zaintzea dela, eta etxera dirua eramatea gizonezkoena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna