Autobus bidaietan atzerritarrei pasaportea eskatzen zaiela salatu dute

SOS Arrazakeriak eta Donostiako Harrera Sareak gogoratu dute. legez kanpokoa dela Schengen eremuaren barruan dokumentazioa eskatzea
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko otsailak 14
Donostiako autobus geltokian estatu arteko bidaia hastera doazen atzerritarrei pasaportea edo bisa eskatzen dietela salatu dute Donostiako Harrera Sareak eta SOS Arrazakeriak; baita Schengen eremuko beste estatu batera doazenean ere, nahiz eta eremu barruan pertsonen joan-etorriak askeak diren. Ohartarazi dute Europako Justizia Auzitegiak hala egitea legez kanpokotzat jo duela joan den abenduan emandako epai batean. Alemaniako autobus konpainiek dokumentazioa eskatzen zuten estatu arteko bidaietan, herrialde hartako araudiak hala aginduta. Alemaniako araudia Europakoaren kontrakoa dela ebatzi, eta indarrik gabe utzi zuen auzitegiak. «Hemen ez dago halako araudirik; beraz, autobus konpainiek hartutako erabaki bat da», azaldu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kide Peio Aierbek.

Autobus konpainien jokabidea salatzeko agerraldia egin zuten atzo Donostian. Gobernuz kanpoko bi erakunde horien asmoa enpresei epai hori gogoraraztea izan da. Jokabide horrekin, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak garraiatzea saihestu nahi dute enpresek. Baina auzitegiak ohartarazi zuen autobus gidariek ezin dutela «muga-polizia lanik egin». Era berean, gaineratu zuen pasaportearen edo bisen egiaztapena ezin dela autobus geltokietan egin, autobus geltokiak ez direlako muga zaintzarako postua.

Aurretik, autobusetako gidariekin egin dute berba, eta esan diete euren enpresei oharra pasatzeko. Baina, pasaportea eskatzen jarraitu dutenez, salaketa publikoa egitea erabaki dute. Zehaztu ez duten epe bat utziko diete orain, epaia betetzen hasten diren ikusteko. Hala egin ezean salatu egingo dituztela ohartarazi dute. Zehaztu dute beste geltoki batzuetan ere gertatzen dela, eta ez direla Donostiakoan lan egiten duten konpainia guztiak. Pesaren adibidea ipini du Aierdik: «Donostia eta Baiona arteko lineak bi estaturen arteko muga zeharkatzen du, eta bidaia txartelaz gain ez dute beste ezer eskatzen». Trenetan ere ez da dokumentaziorik eskatzen, esan duenez.

Geltokian geratu behar

Atzerritarrekin baino ez dute jokatzen horrela. Baina ez guztiekin. Donostiako Harrera Sareko kide Itxaso Agirrek zehaztu du Saharaz hegoaldeko afrikarrei baino ez dietela eskatzen. Eta adibide bat ipini du, joan den astekoa. Ostegunean, jatorriz Senegalgoa den gizon gazte bat autobus txartela erosten ahalegindu zen Donostiako geltokian, autobus konpainia bateko leihatilan. Hango langileak ohartarazi zion ezin ziola txartelik saldu dokumentazioa erakutsi gabe. Hori ikusita, Agirrek berak egin zuen txartela erosteko saioa Internetez, konpainiaren webgunearen bitartez. Nahiz eta txartelean bertan idatziz agertu atzerrira bidaiatzeko pasaportea edo bisa beharko dituela, erosteko orduan ez zioten dokumentaziorik eskatu.

Joan den urtarrilaren 17an antzeko zerbait gertatu zitzaien Boli Kostako emakume bati eta haren seme adingabeari. Dokumentaziorik gabe, ezin izan zuten Pariserako txartelik erosi. Hala, Donostiako autobus geltokian bertan egin behar izan zuten lo biek. «Gu gidariekin hitz egitera joan garen arren, ez diete autobusera igotzen uzten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna