Mai Villadsen. Hezkuntza politiketako aholkularia

«Lan guztiak eskolan eginda, egoera parekideagoa da»

Herrialde zoriontsuenen rankingetan, goian ageri ohi da Danimarka, eta haren hezkuntza sistema han eta hemen goraipatzen da.

Samara Velte.
Hernani
2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Europako hainbat eredu pedagogiko aztertu zituzten orain bi aste Hernanin (Gipuzkoa), EH Bilduk antolatutako Nazioarteko Hezkuntza Konferentzian. Danimarkako sistemaren ezaugarri nagusiak azaldu zituen Mai Villadsen Danimarkako Parlamentuko aholkulariak (Herning, 1991).

Miresmen handiz begiratu ohi da hemendik iparraldera. Nola deskribatuko zenuke Danimarkako egoera erreala?

Zentzu askotan Eskandinaviako herrialdeak badira idealak, ongizateari eta hezkuntzari begiratuta. Danimarkan doakoa da hezkuntza osoa, eta estatuak dirua ematen dizu unibertsitatera bazoaz, ikasketetan zentratu eta bizi ahal izateko. Dirua ez da itzuli behar. Alegia, ingurune pobrean hazita ere, aukera berdinak dituzu nahi duzun hezkuntza maila jasotzeko. Baina azken zazpi urteotan eskuin muturreko gobernua daukagu, eta ikasleei dirua ordainarazi nahi die 10. mailatik aurrera [15-16 urte]. Aspaldiko murrizketa handienak ditugu hezkuntzan.

Nolakoa izan da ikasle eta hezkuntza mugimendua?

Beste herrialdeekin alderatuta, oso indartsua. Ikasleentzako sindikatuak dauzkagu: bat eskoletan, bestea institutuetan eta bestea unibertsitateetan, eta murrizketen aurkako koalizioa egin dute. Oraintxe, Danimarkako ikasgela batera sartzen bazara, ikasle asko beltzez jantzita ikusiko dituzu, murrizketen aurka protestan ari direlako [bera ere beltzez jantzita dago]. Tokiko demokrazia handia daukagu: ikastetxeak estatuarenak dira, udalek kudeatzen dituzte, baina legez sindikatu bat eduki behar dute beti.

Garai batean ia ez zegoen mugimendurik. Eskandinaviaren arazoa zera da: gure aitona-amonak asko borrokatu ziren ongizate estatua lortzeko; ondorioz, gaur egun dena da doan, zergen bidez ordaintzen da. Gazteei batzuetan ahaztu egiten zaie munduko beste tokietan ez dela horrela, eta borroka egin behar dela sistemari eusteko, edo hura hobetzeko.

Ikusi dituzun beste ereduekin alderatuta, zer du Danimarkakoak nabarmentzeko modukoa?

Asko gustatzen zaidan gauza bat da —okerrera aldatzen ari da orain— ez dagoela testik edo erantzun zuzenik; horren ordez, arazoak planteatzen zaizkie ikasleei, eztabaidatu dezaten, zalantza egin eta esploratu. Irakasle bat sartu daiteke gelara Hans Christian Anderseni buruz hitz egiteko asmoz, eta jar ditzake haurrak zerbait marrazten. Irakasteko modu esperimentala da, eta horrek haurrak kritiko eta berritzaile bihurtzen ditu.

Ez al dago ikastetxeen arteko lehiarik, PISA azterketak bezalakorik?

PISAren erruz sartu da lehiakortasun pixka bat, baina lehen ez zegoen. Gobernuak sustatu ditu test nazionalak eta PISA, baina kritika asko egiten zaizkio horri: azterketak oso gogorrak dira ikasgai jakin batean okerrago dabiltzan umeentzat, eta irakasleentzat ere zailagoa da zerbait irakastea, ziurtatu behar duten bakarra baldin bada jendeak test batean erantzun zuzena markatzen dakiela.

Ez duzue oso iritzi ona izango eskola pribatuez, ezta?

[Barre egin du] Tira... bai eta ez. Ez dut uste sistema bat ona denik haurrak asko lehiatu behar badira, baina jendeak hainbat modu asma ditzake haurrek ikas dezaten; kasu horretan, eskola pribatuak ez dira okerrak. Danimarkan hiru ikastetxe mota dauzkagu: sare publikoa nagusia da, alde handiarekin; pribatu batzuk, eta baita eskola aske batzuk ere. Horietan, batere notarik gabe ikasten dute haurrek. Asko dauzkagu eta babesten ditugu, onak direlako haurren garapenerako; baina garrantzitsua da eskola horiek ardura soziala ere hartzea, zailtasun ekonomikoak dauzkaten haurrak ere onar ditzaten.

Ziurrenik, halako eredu bat inbertsio publiko handiarekin baino ez da posible. Nola banatzen da hezkuntzaren ardura estatuaren, familien eta komunitatearen artean?

Orain, alderdi askok kendu nahi dituzte etxeko lanak 10. mailara arte. Ni ados nago, izan ere, zailtasun gehien dituzten haurrak izan ohi dira etxean gurasoek lagundu ezin dietenak. Lan guztiak eskolan eginda, egoera parekideago bat sortuko genuke. Egia esan, sistemaren zati handiena estatuan oinarrituta dago, eta ez hainbeste komunitatean.

Zenbait emakumek —bereziki klase ertainekoek— nahiago izaten dute lanaldia murriztu haurrekin gehiago egoteko. Egoera hori ezaguna zaizu?

Ez. Danimarkan, bi gurasoek lanaldi osoan jardutea espero da; ia ez dago emakumerik etxean lanean. Dena den, lan astea laburtzeko ahaleginetan ari gara, 37 ordutik 30era. Lanaren eta bizitzaren arteko orekari buruzko eztabaida bizia daukagu, baina ez hainbeste eskolagatik. Arratsaldeetan klubak [ludoteka modukoak] dauzkagu haurrak bertan begiraleekin jolas daitezen.

Haurrei gustatzen zaie eredua?

Kezkatuta gaude umeen ongizate mentalaz; presio handia sumatzen dute zerbait izatera iritsi beharragatik, gizarteak eta hedabideek hori esaten dietelako. Doako psikologia zerbitzua proposatu dugu, behar duten haurrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.