NUPen Erizaintza euskaraz emateko «neurriak» eskatu ditu Arartekoak

Txostena egin du Javier Enerizek, Behatokiak aurkeztutako kexari erantzunez. NUPek dio ez duela irakasle aski euskarazko eskaria betetzeko

Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ehunka ikaslek egiten dute Erizaintza gradua NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Fakultatean. Horietatik, erdia baino gehiago euskaldunak dira, eta euskaraz egin nahiko lituzkete goi mailako ikasketak, azken inkesten arabera. Unibertsitateak, baina, bi ikasgai besterik ez die euskaraz eskaintzen. Orain arte eskaintza hori zabaltzearen alde azaldu dira hainbat indar politiko, ikasle elkarteak, euskalgintzako eragileak, eta baita Nafarroako Parlamentua ere. Orain, Arartekoa batu zaie.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aurkeztutako kexa bati erantzunez, Erizaintza ikasketei buruzko txostena argitaratu zuen Javier Eneriz arartekoak martxoaren 15ean. Auzian ardura duten bi erakunde publikoei igorri zien: Hezkuntza Departamentuari eta NUPeko errektoreari. Departamentuak arazoa konpontzeko borondatea agertu zuen ohar batean: «Erizaintzako gradua euskaraz eskaintzeak Hezkuntza Departamentuaren erabateko babesa izango luke». Are: Maria Solanak zuzentzen duen sailak gaineratu zuen lauko gobernuak finantzaketa ematen diola urtero NUPi, «euskarazko irakaskuntza sustatzeko».

NUPek ere erantzun zion Behatokiak eginiko erreklamazioari. Erantzuna, ordea, oso bestelakoa izan zen: «Kategoria iraunkorretako irakasleen gabeziari dagokion egiturazko arazoa dago [...], eta horrek behartzen du lanaldi partzialeko kontratua duten profesionaletara jotzera». Hortaz, NUPen irudiko, «ez da bideragarria Erizaintzako gradua euskaraz eskaintzea, horretarako gai diren irakasleak falta baitira».

Txosten guztiak jasota, Arartekoak «iradokizuna» egin die Hezkuntzari eta NUPi, egin beharreko aldaketak egin eta Erizaintzako ikasketak euskaraz eskaintzeko «neurriak har ditzaten». Erakunde horren arabera, euskarazko eskaintza zabaltzea bat etorriko litzateke Euskararen Foru Legearekin, NUPen barne araudiarekin eta Nafarroako Parlamentuak berriki eginiko eskaerarekin ere. Behatokiak eta Iruñeko Euskalgintzak bat egin dute Arartekoaren eskaerarekin, eta euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu zuten atzo, Erizaintza eskolaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.