Bekak emateko era aldatzeko akordioa egin dute Eusko Legebiltzarrean

Jaurlaritza hasiko da dirua zuzenean ematen eskolei, ikasmaterialerako. EH Bilduren legez besteko proposamen batek eragin du aldaketa

arantxa iraola
Donostia
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ikasmaterialerako bekak eskatzeko premiarik ez dute izango Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoek. Ordez, Jaurlaritzak zuzenean ordainduko die zentro publikoei, eta horiek bermatuko dute ikasmateriala ikasle guztientzat. Horretarako akordio bat berretsi zuen atzo EH Bilduk Jaurlaritzan agintea duten bi alderdiekin: EAJrekin eta PSE-EErekin. Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin zuten itunaren berrespena. Koalizioak aurkeztutako legez besteko proposamen bat izan zen itunaren iturburua, eta poza adierazi zuen atzo albistearen harira alderdi horretako legebiltzarkide Rebeka Uberak. «Izan ere, honakoa aski hedatutako eskaria izan da eskola publikoan».

Aldaketaren aldeko motiboak funtsezkoak direla adierazi zuen: «Laguntza horien tramitazioa zama eta buruko min bilakatu da ikastetxeentzat, kudeaketa burokratikoak lan handia eskatzen duelako, eta denbora eta baliabideak kentzen dizkielako berez duten funtzioa behar bezala betetzeko; adostu dugun sistema aldaketarekin, ordea, lan burokratikoa nabarmen murriztuko zaie, eta berezko funtzioetara dedikatu ahal izango dira». Familientzat ere aldaketa onuragarria izango dela pentsatzen du. Beken tramitazioak dakartzan «deserosotasunak» albora utzi ahal izango dituzte, eta bestelako arazoak urrituko dira. «Izan ere, atzerapenak ohikoak izaten dira Hezkuntza Sailean beka horiek ordaintzeko orduan, eta horren ondorioak familiek jasaten dituzte, euren egoera ekonomikoa are gehiago larriagotuz, haiek direlako dirua aurreratu behar dutenak materiala jaso ahal izateko».

Aldaketaren muina izango da Jaurlaritzak ekarpen handiagoa egitea eskolei, bakoitzari dagokion proportzioan. Era horretan, ikastetxeen ardura izango da ikasleei ikasmateriala bermatzea.

«Egiturazko» aldaketetara

Uberaren arabera, aldaketa hori «aurrerapausoa» izatea espero dute antzeko gehiago lortzeko bidean. Argi du helburutzat dutela ikasketa laguntza horien «izaera bera» eraldatzea: «Laguntza asistentzialaren kontzeptutik salto egiten ari garelako egiturazko beste politika batera, hezkuntzaren doakotasunaren bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.