Zazpi espezialitatetara hedatu dute Osakidetzako hautaproben salaketa

Guztira hemeretzi dira LABek eta ESK-k salatu dituzten hautaprobak. EH Bilduk ikerketa batzorde bat sortzeko eskatu du legebiltzarrean

LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
LAB eta ESK sindikatuek beste zazpi espezialitatera hedatu dute Osakidetzako LEP lan eskaintza publikoetan egon daitezkeen irregulartasunak ikertzeko salaketa: kirurgia orokorra, otorrinoa, lan medikuntza, urologia, neurokirurgia, anatomia patologikoa eta traumatologia. Era horretan, hemeretzi dira sindikatuek susmopean jarri dituzten espezialitateak. Irregulartasunak estatistikoak eta azterketa egin duten pertsonei lotutakoak direla azaldu zuten atzo bi sindikatuetako kideek, EAEko Auzitegi Nagusian eginiko agerraldian.

Lehen salaketa ekainean aurkeztu zuten sindikatuek, hamabi espezialitatetako hautaproben aurka. Ordutik hona, ordea, informazio gehiago bildu dute, eta salaketa beste zazpira zabaldu. Frogen artean, testigantzak eta dokumentazioa aurkeztu dituztela adierazi zuten, «filtrazioak non gertatu zitezkeen» zehazteko balioko dutenak.

LABek eta ESK-k ez diote sinesgarritasunik eman Osakidetzak ireki duen barne ikerketari. «Ikertu nahi dena argitu beharrean, gordetzea gehiago bilatzen da», arrazoitu du LABeko ordezkari Jesus Oñatek. ESK-ko kide Patxi Nicolauk, berriz, Osakidetzak salatzaileen aurka hartutako jarrera kritikatu du.

«Amaierara arte»

EH Bilduk ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Proposamena aurrera ateratzeko adina babes izatea espero du koalizioak, eta Elkarrekin Podemosi eta PPri egin die deia, ez baitute uste EAJk eta PSEk batzordea sortzea onetsiko dutenik. Elkarrekin Podemosek ohar bidez adierazi du babestuko duela, eta «amaierara arte» iristeko asmoa azaldu du. PPk ere esan du «baliabide guztiak» erabiltzeko prest dagoela hautaprobetan zer gertatu den ikertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.