Aske nahi dituzte

Altsasuko Gurasoak pozik daude semeak orain Zaballan eta Iruñean direlako, baina esan dute borrokan jarraituko dutela denak askatu arte
Bel Pozueta eta Miren Oleaga, atzo, Iruñean emandako prentsaurrekoan.
Bel Pozueta eta Miren Oleaga, atzo, Iruñean emandako prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Iker Tubia -

2018ko irailak 9
«Gazi-gozoa». Horixe da Altsasuko Gurasoek egin duten balorazioa, beren seme presoak Euskal Herrira ekarri dituztela eta. Urtebete eta bederatzi hilabetez Madril aldeko espetxeetan sakabanaturik izan dituzte Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz, eta lau hilabetez Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola. Azkeneko asteetan, Zaballako (Araba) eta Iruñeko kartzelatara ekarri dituzte, Espainiako Presondegietako Lege Orokorrari jarraikiz. Baina ez da aski, Bel Pozueta gurasoen bozeramaileak adierazi duenez: «Guztiak Euskal Herrian daudela esateak pozten gaitu, baina oso garbi dugu esan beharko genukeena zera dela: etxean daudela, aske».

Horregatik, beren semeek askatasuna erdietsi arte borrokan jarraituko dutela ohartarazi du Pozuetak, Iruñean, prentsaurreko batean. «Behin-behineko presoaldia zuhurtasun neurriaren erabilera maltzurra da, beste zigor bat gehitzen ari baitira». Altsasuko (Nafarroa) gazteak kartzelan daude, epaia irmoa ez bada ere. Are, Ramirez de Alda, Unamuno eta Arnanzen kasuan, fiskalak segurtatu du behin-behinean kartzelan egonen direla zigorraren erdia bete arte, gutxienez. Hori «mendekua» dela diote gurasoek.

Sakabanaketa «zigor gehigarria» dela salatu dute, eta, horren ondorioz, errealitate «mingarri», «arriskutsu» eta «izugarria» pairatzen dutela familia askok Euskal Herrian. «Hori desagertu egin behar da», zehaztu du Pozuetak. Hala, orain arte bizi izan dutenak «neurrigabekeria izugarria» eta «bidegabekeria» agerian uzten dituela salatu du.

Orain, Espainiako Auzitegi Nazionalaren zain dira, epaiari jarritako helegitearen ebazpena noiz aterako. Horren arabera erabakiko dute zer bide hartu. Gazteen askatasuna lortu ezean, manifestazio handi bat egiteko asmoa dute. «Gorenera jotzen badugu, gizarteak berriro erakutsi beharko du benetako justizia nahi dugula. Epaileek entzun beharko dute». Beharrezkoa balitz, Konstituzionalera eta Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko lukete, «askatasuna lortu arte».

Bisitak etxetik gertu

Gurasoentzat gogorra dena zigorra betetzen ari direnentzat are gogorragoa dela azaldu du Pozuetak. «Haietako batek esan zigun autobusean Altsasu eta Urbasa ikusi zituela, eta une horretan bere buruari galdetu ziola: 'Baina zer egiten dut nik hemen?'».

Altsasuko gazteen gurasoek dagoeneko egin dituzte lehenbiziko bisitak Iruñean eta Zaballan. Oztoporik izan da, ordea: Iñaki Abad ostiralean lekualdatu zuten, eta familiari ez zioten bisita egiten utzi; asteburuan ere ezinen zutela esan zieten, baina azkenean lortu zuten arratsaldean semea ikusteko baimena. Horrelakoetan kartzelek duten «arbitrariotasuna» salatu dute. «Horrela izan da prozesu guztia».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna