Indartzeko urteurrena

2019an 40 urte beteko dira Jarrai sortu zutenetik. Ernaik eta Aitzinak dinamika zabaltzeko baliatu nahi dute, hainbat ekinbide antolatuta
Ernai, Aitzina eta gazte erakundeetako kide ohiak, atzo, Bilbon egindako agerraldian.
Ernai, Aitzina eta gazte erakundeetako kide ohiak, atzo, Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko uztailak 1
«Inoiz baino biziago gaude». Hala adierazi dute, Bilbon, Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako kideek, «Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko bidean bulkada berriekin abiatzeko testuinguruan» daudela. Datorren urtean 40 urte beteko dira Jarrai ezker abertzaleko lehen gazte erakundea sortu zenetik, eta urteurren horren harira hainbat ekinbide jarriko dute martxan: «40 urte luze hauetan ibilitako militante guztiona izatea nahi dugu». Baina urteurrena, ospakizunetarako baino gehiago, «dinamika lau haizeetara zabaltzeko» baliatu nahi dute. «Herriz herri, sortzen diren egitasmo ezberdinetan parte hartzeko gonbidapena egin nahi dugu».

Begirada etorkizunean jarrita, «belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraiki eta indartu» nahi dute, gazte belaunaldi berriei «antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekitzeko». Horretaz gain, 40 urteko kontakizuna bilduko duen liburu bat ere idazten ari dira, «urte hauetan protagonista izan direnen memoria osatzeko».

Datorren apirilerako Gazte Topagune «erraldoi» bat antolatzen hasita daude Ernai eta Aitzinako kideak. Urteurrena indartzeko baliatu nahi dute, «herri honekiko konpromisoa hartu duen belaunaldi berria» direlako. Bulkada berrien beharra ikusten dute, eta «indartsu eta irudimentsu» ekiteko garaia dela diote.