Itun eredu bat sortzea proposatu die Hekimen taldeak erakundeei

Euskarazko hedabideei «aitortza eta bermea» emateko lege esparru bat egin nahi du elkarteak. «Epe luzerako begirada» eskatu die erakundeei

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Beste hainbat arlotan daukaten eran, euskarazko hedabideen arloan ere hitzarmen sistema bat egitea proposatu du Hekimen elkarteak, euskarazko herri ekimeneko hedabideen bilguneak. Eredu horrek euskarazko komunikabideei «aitortza eta bermea» ekarriko liekeela azaldu du Alberto Barandiaran zuzendariak. Gogorarazi du EITBren eskaintza telebista eta irratikoa dela. «Zergatik ez eskaini euskal hedabide idatzi eta tokikoei esparru legal bat beren garapenerako eta beren lan baldintzak duintzeko?». Eztabaida zabaltzeko eskatu du Hekimenek. «Epe luzeko begiradarekin» jokatzeko eskatu die erakundeei.

Sektorearen egoera azaltzeko agerraldia egin zuen Barandiaranek atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aurrerapausoak nabarmendu zituen: 18,1 milioi bisita izan zituzten hedabide horien webguneek iaz, 2011n baino %73 gehiago; %64ko autofinantzaketa dute —BERRIAren enpresaren kasuan, %82koa—; erdarazko hedabideekin alderatuz, proportzioan irakurle gehiagorengana heltzen dira; eta, Mondragon Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, laguntza publikoetatik jasotako euro bakoitzeko 9,22 itzultzen dizkiote gizarteari —BERRIA eta Goiena aztertuz egin zuten kalkulua—. Hedabideek euskarari funtsezko ekarpena egiten diotela, alegia.

Gipuzkoan, %38ko igoera

Pauso horiek emanda ere sektorea «prekaritatean» dagoela ohartarazi zuen Barandiaranek. Babes handiagoa eskatu zien erakundeei. Gipuzkoako Aldundiaren jarrera txalotu zuen, aurten %38 igo baitu laguntza. Ez zuen balorazio ona egin Jaurlaritzaren laguntzei buruz: «Hiru urtean poltsa bera egotea eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez da sektoreak behar duena, ez delako nahiko berme berau hauspotzeko eta egonkortzeko».

Euskarazko hedabideen ekarpena aintzat hartzeko eskatu du, beraz: «Onartzen bada hedabideak hizkuntzaren normalizaziorako ezinbesteko tresna direla, zergatik ez da planteatzen epe ertainari begirako finantzaketa iraunkor samar bat, progresiboa, errealista eta eraginkorra?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.