Legebiltzarrean egiaren batzorde bat eratzea nahi du EH Bilduk

Frankismoko biktimei erreparazio «osoa» emateko lege proposamena aurkeztu du koalizioak. Barnean hartzen ditu aurrekoak
Julen Arzuaga legebiltzarkidea, atzo, prentsa agerraldian.
Julen Arzuaga legebiltzarkidea, atzo, prentsa agerraldian. JUANAN RUIZ / ARP

Aitor Biain -

2017ko azaroak 23
Frankismoaren biktimak aitortu eta dagokien erreparazioa emateko lege proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. «Ikuspegi oso bat» emanez, 1936ko uztailaren 18tik 1978ko abenduaren 29ra artean gertatutako giza eskubideen urraketa oro salatu, eta izandako biktima «guztiei» babesa eman nahi die lege horrekin, Julen Arzuaga legebiltzarkideak azaldu duenez. Bide horretan, Gogora institutuaren barruan eratuko litzatekeen ikerketa talde bat eta egiaren batzorde bat eratzea proposatu du koalizioak. Arzuaga: «Leihatila bat zabaldu nahi dugu, frankismoaren azken biktima aitortu arte zabalik egongo dena».

«Inolako kategorizaziorik gabe», biktima orori bere eskubideak egikaritzeko bideak eta prozedurak eskaini asmo dizkio ekinbideak. Bada, ekinaldi «berri, sendo eta sakonak» proposatzen ditu lege proposamenak; besteak beste, Espainiako Memoria Historikoaren legearen «mugak» salatzen ditu, bete gabe dauden atalak hartu eta EAEko erakundeen bitartez garatzeko asmoz.

Bestelako politika publikoak ere jasotzen ditu EH Bilduren lege proposamenak. Besteak beste, ikur faxistak erretiratzea, DNA banku bat sortzea, gorpuak hobietatik ateratzeko plan bat martxan jartzea, eta erakunde memorialisten parte-hartze kontseilu bat eratzea. «Helburua da gizarteak guztiz kitatzea frankismoaren biktimekin duen zorra», azpimarratu du Julen Arzuagak.

Proposamen «zabalagoa»

Elkarrekin Podemosek duela bi aste aurkeztutako beste lege proposamen baten ostetik dator koalizioaren ekinbidea, zeinak frankismo garaian egindako epaiketak baliogabetzeko eskatzen baitzuen. Ez zen aurrera atera: EAJk eta PPk aurka bozkatu zuten —jeltzaleek eskumen falta argudiatu zuten—, eta PSE-EE abstenitu egin zen; EH Bildu izan zen alde bozkatu zuen bakarra.

Ildo horretan, EH Bilduren lege proposamena «zabalagoa» dela adierazi du Arzuagak, eta biktimei «egia, justizia eta memoria» emateko onartu diren gainerako dekretu eta legeak ere kontuan hartzen dituela; baita Elkarrekin Podemosek aurkeztutakoa ere. EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, horiek guztiak «partzialak» izan dira, edo gai jakin bati lotuak. Hori dela eta, ez du «inolako aitzakiarik» ikusten proposamena aintzat hartu, eztabaidatu eta lege «sendo, konpartitu eta adostu bat» aurrera atera ahal ez izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna