E28 koordinakundeak LGTBI kolektiboko andreen bazterketan ipini du arreta

Beste zapalkuntza sistemez ohartarazi du. Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak kolektiboaren eskubideen urraketak aztertuko dituzte
Bizkaiko E28 koordinakundekoen agerraldia, Bilbon.
Bizkaiko E28 koordinakundekoen agerraldia, Bilbon. JUNE PRIETO / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko ekainak 28
LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat mobilizazio egingo dituzte gaur. Elkarteek aldarrikapen ugari kaleratuko dituzte. Esate baterako, Bizkaiko E28 koordinakundeak «gizarte egitura zapaltzaile guztietan» ipini nahi izan du arreta; bereziki, kolektiboko emakumeen borroka babestu nahi izan du. Ohartarazi du lesbofobia, bifobia eta transmisoginia «indarkeria bortitzak» direla esparru guztietan: instituzionalean, familiartekoan eta pertsona artekoan. Baina baita feminismoaren eta LGTBI kolektiboaren barruan ere. «Gaur egun, patriarkatuak zapaldutako eta zisarauak eta heteroarauak zeharkatutako inor ez da indarkeriatik aparte bizi».

40 urte dira LGTBI kolektiboak Bilbon sexu askapenaren aldeko lehen manifestazioa egin zuenetik. Gogoratu dute orduan «epaile faxisten depurazioa» eskatzea izan zela kalera atera zituen helburua. Harrezkero, aldatuz joan dira aldarrikapenak, baita kolektiboak lortu nahi izan dituen helburuak ere. Bidea beti elkarrekin egin dela azpimarratu dute. «Zisheteropatriarkatuari aurre egiteko, batasuna behar dugu, baina ulertu behar dugu guztiok ez dugula era berean sufritzen. Beste zapalketa ardatz batzuek ere zeharkatzen gaituzte: arrazakeria, kapitalismoa eta kapazitismoa zapaltzen gaituzten edo boterea ematen diguten gizarte egiturak dira». Horregatik, gogoeta eskatu dute kolektibo barruan ere, azter dezan zer botere harreman dauden, eta nortzuk diren ikusgarri. «Andre lesbiana, bisexual eta transexualak ikusezinak dira».

Bi azterketa abendurako

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio aztertzeko nola dagoen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako LGTBI kolektiboa. Irailetik aurrera, sei hilabeteko epea izango du kolektiboko kideek dituzten eskubide urraketak identifikatzeko. Diagnostikotik abiatuta osatu beharko du Berdinduz zerbitzuaren plangintza berria.

Gipuzkoako Diputazioak ere gisa bereko ikerketa bat egingo du herrialdean, Gehitu elkarteak lagunduta. Datozen asteetan, kolektiboko kideek inkesta bati erantzun ahal izango diote Internetez. Era berean, kolektiboko elbarrien, etorkinen eta beste talde baztertu batzuen artean nabarmenak diren hogei lagun elkarrizketatuko dituzte, sakonago ezagutzeko. Urte bukaerarako eduki nahi dute prest.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna