Immigrazio Legea gogortzeari baietz esan dio Asanblea Nazionalak

Errefuxiatuak Frantziatik kanporatzea erraztuko du. Ekainean Senatuan eztabaidatuko dute. Macronen diputatu guztiek ez dute babestu

Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan apirilean izandako protestak. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Lehen bozketa gainditu du Frantziako Immigrazio Legearen proiektuak. Igande gauean jaso zuen Asanblea Nazionaleko gehiengoaren oniritzia: 228 diputatuk babestu dute; 139k eman diote ezetza, eta 24 abstenitu egin dira. Babestu duten guztiak Emmanuel Macron presidentearen Errepublika Martxan mugimendukoak izan dira. Baina taldeko diputatuetatik hamalauk abstentziora jo dute, eta Jean Michel Clementek aurka bozkatu du. «Kontrolatutako immigrazioa, asilo eraginkorra eta integrazio arrakastatsua lortzea», horiek dira lege berriak ekarri nahi dituen aldaketak, Gerard Collomb Barne ministroaren arabera. Ezkerrak «gogorregitzat» jo du; eskuinak, «bigunegitzat». Oposizio osoak uste du «azkarregi» eztabaidatu dela, eta beste bozketa bat eskatu du maiatzaren 9rako, baina ez dute onartu. Lege proiektuak bidean segituko du, beraz: ekainean eztabaidatuko du Senatuak.

Batez ere epeak aldatuko ditu: asilo eskaerakoak eta etorkinak zentroetan atxikita edukitzekoak. Legea dagoen-dagoenean onartzen bada, errefuxiatuek babesa eskatzeko duten epea 120 egunetik 90 egunera laburtuko da, eta eskaerei erantzun eta helegitea jartzeko epea ere 11 hiletik seira igaroko da. Hala, estatuak lehen baino azkarrago kanporatu ahal izango ditu babesik onartu ez dieten errefuxiatuak. Era berean, baimenik gabeko etorkinak zentroetan atxikitzeko denbora 45 egunetik 90era luzatuko dute.

Hala ere, eztabaidarik gordinena adingabeen inguruan sortu da. Frantzia Intsumisoak, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Komunistak hiru helegite ipini dizkiote legeari, umeak atxikitzea debekatzeko eskatuz. Baina ez dute bakar bat ere onartu. 2017ko datuak dira: baimenik gabeko migratzaileak atxikitzeko zentroetan 26.000 etorkin egon ziren; 134 familia eta 275 ume tartean. «Giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek zigortu egingo dute Frantzia», ohartarazi du Jean-Luc Melenchonek, Frantzia Intsumisoko buruak.

Migratzaileak laguntzea delitu da 1945eko legea indarrean sartu zenetik. Ezkerrak eta giza eskubideen aldeko elkarteek delitu hori kentzea nahi zuten, baina gobernuak mantendu egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.