Danel Agirre.
SASKI DA!

Hegal-pibot bakarrarekin

2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Gehiago egin nahi zuen. Zortzi urtean lehenbizikoz Baskonia ACB ligako finalerako sailkatu(Movistarreko esatariek zenbat bider errepikatu ote dute xehetasuna finalerdiko emanaldietan), eta Pedro Martinez bere buruarekin amorratuta agertu zen herenegun prentsaurrekora. Ostiraleko lehenbiziko match ball-a modu baldarrean alferrik galdu, eta bigarrena ia modu are traketsagoan bota zuten harrika bere jokalariek. Minutu bakarraren faltan sei puntuko aldea zuten, eta erabaki eta egite kaskarrekin tematu ziren luzapena oparitu arte. Krisialdi hori geratzen ez asmatzeagatik damu azaldu zen Martinez, eta taldeari eskaini zion txakalaldia gainditu izanaren meritu osoa, denboraldi bikainarena bezalaxe. Azaleratu gabe ere, lortutakoarekin harro behar du, ordea, entrenatzaileak. Groggy zegoen multzo disfuntzionala hartu, eta hainbat gabezia estalita kantxa guztietan lehia dezan lortu du. Hegal-pibot bakarra duenez, bateraezinak ziruditen hiru pibot petori elkarrekin jokatzen erakutsi die. Puntako antolatzaile baten faltan, tokatu zaizkion hirurak maisuki konbinatu ditu. Lan miresgarria da Martinezena, final oso zailean amore emanda ere aitortzea mereziko lukeena.

Badago non heldu. Duela hamahiru urteko Baskoniaren eta Real Madrilen arteko final hark irailaren 11ren gisako unea eragin zuen: guztiok dugu gogoan non geunden (Saski Da!-ren kasuan, Zarauzko San Pelaio auzoko Bolinaga taberna) Alberto Herrerosek hirukoa sartutakoan. Trauma hura behingoz gainditzeko, kanporaketa perfektua beharko du orain Baskoniak, talde bikaina delako Real Madril hau. Walter Tavaresfitxatu eta Sergio Llull osatzearekin, ia desoreka estrategiko guztiak zuzendu ditu Pablo Lasok. Inork baino jabetza azkarragoekin jokatzen jarraitzen dute zuriek, baina pibot fitxatu berriaren aseguruarekin defentsa oldarkorra gaineratu dute. Kontsolamenduak? Baskonia ere eroso sentitu ohi dela erritmo handiko saskiratze truketan, eta Martinezek askotan asmatu izan ohi duela Lasoren liburuxka desaktibatzen.

Finala ez zen finala. Kanporaketa sorta mamitsu eta agoniakoaren ondoren, tontorra baino antiklimaxa suertatu da NBAko finala. Susmatu moduan, Mendebaldeko Konferentziako Golden State Warriors eta Houston Rockets ziren bi talde ahaltsuenak, eta bien artekoa izan zen benetako norgehiagoka erabakigarria. Houstonen maldizioka ariko dira oraindik, Warriorsen aurkako bosgarrengo neurketan Chris Paulek pairatutako lesiorik gabe txapeldun liratekeelako, segur aski. Aurreko sasoietako finezarik gabe, arerioen keria guztiak gupidarik gabe zigortzen asmatu du, hori bai, Golden Statek. Lau izarrak (gehi Andre Iguodala eta Shaun Livingston) kontratupean ditu datorren denboraldirako. Uztaia zaintzeko rim protector atletiko eta esanekoren bat behingoz merkatuan topatuz gero, bost urtetan laugarrenez eraztuna janzteko faborito eztabaidaezin izango da berriz.

Aukera erromantiko bat. NBAko bederatzi final jokatuta, hirutan baino ez da gailendu LeBron James. Batez bestekoa ez da debuta egin zuenerako bere ondarearekin obsesionatuta zegoen jokalari historikoa asebetetzeko modukoa. Areago, Michael Jordanek seitik sei irabazita erretiroa hartu zuela kontuan izanda. Bere hitzarmena eten eta beste frankizia batekin sinatzeko parada du Jamesek orain. Egundoko ikusmina piztuko duen erabakia da, trantze berean ikusi zen aurreko bietan bezala. Eragiketa sinplea da: Jamesen jarduna gehituta, bere talde berriak Warriorsi benetako erronka botatzeko gai izan behar du. Berehalaxe, 34 urtera bidean doalako. Aukera guztiak ditu hegalekoak zabalik, guztiek dute ordea eragozpenen bat. Houstonek bera bezala baloia monopolizatzen duten bi izar ditu, James Harden eta Chris Paul. Filadelfian kide dohatsuak, baina oso gazteak lituzke, Lakersen bezala. Aukera erromantikoena, ezbairik gabe, San Antonio da: Gregg Popovich eta LeBron James juntatzea esperimentu liluragarria litzateke. Nekez gertatuko da, baina entrenatzaileak bilera proposatu dio aspalditik miresten duen izarrari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.