Bizi testamentuak osasun etxeetan egin ahalko dira

Familiako medikuak lagunduko die herritarrei erabakiak hartzen. Araban martxan jarri zen proiektu pilotu baten jarraipena da

Pazienteen nahien berri emateko balio dute bizi testamentuek. BERRIA.
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Bizi testamentua edozein osasun etxetan egin ahal izango dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek, beren familiako medikuaren laguntzaz. Horixejakinarazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek, gobernu kontseilua amaitu ondoren egindako agerraldian. Prentsaurreko horretan azaldu zuenez, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortzeko 2003ko dekretua aldatzea onartu zuten bileran, dokumentu hori idazteko prozesuaarindu eta eskaera gehiagori erantzuteko.

Hemendik aurrera, agiria osasun etxean bertan idatzi eta sinatu ahal izango da; horretarako, nahikoa izango da dokumentua izenpetzean hiru lekuko izatea. Gainera, lekuko horiek osasun etxeko beste langile batzuk ere izan daitezke.

Orain arte, Arabako osasun etxeetan posible zen bizi testamentuak osatzea, proiektu pilotu baten barruan. Egitasmo horrek emaitza onak izan zituen, eta horregatik erabaki dute Bizkai eta Gipuzkoako osasun etxeetara zabaltzea. «Zerbitzua hurbilago egongo da», esan du Darponek.

Aurretiazko borondateak ezartzen dituen dokumentuari esker, herritarrek ebatzi dezakete zer irizpideri jarraikiz hartuko diren eragiten dieten erabaki medikoak, euren iritzia emateko gai ez izatekotan. Erabaki horien artean daude, besteak beste, pertsona horren legezko ordezkari bat izendatzeko aukera, tratamendu jakin batzuk onartu edota ukatzeko aukera eta organo emaile izateko erabakia.

2003. urtetik hona, 21.723 herritarrek idatzi dute bizi testamentu bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko sistema erabilita; hau da, 1.000 herritarretik 9,9k. Jaurlaritzak espero du zifra horiek %33 handitzea aukera berri horren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.