Euskararen bidea aztertuz

Gasteizen egin ditu Euskaltzaindiak aurtengo Jagon jardunaldiak, euskarak Araban izan duen bilakaera aztertzeko. Azken datuek diote aurrerapauso handiak eman dituela.

XXII. Jagon Jardunaldietan hamasei hizlarik hartu zuten parte, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Adituek argi diote Araban euskara arrotza delako ustea aldatzen hasi behar dela. Datuek berresten dute hori: arabarren %5,6 euskaraz bizi dira, eta bost biztanletik bat da euskalduna. Hortaz, nabarmena da aurrerapausoak ematen ari dela euskara lurraldean, eta horren inguruan hausnartu zuten atzo, Euskaltzaindiaren XXII. Jagon Jardunaldietan.

Euskaltzaindia sortu zenetik abian dago Jagon Saila, euskara sustatzeko, erabilera zabaltzeko, hizkuntzaren kalitatea bermatzeko eta hiztunen eskubideak zaintzeko. Egitasmo horretan, urtero mahai inguru bat antolatzen du hizkuntza akademiak. Aurtengoa Gasteizen izan da, Oihaneder Euskararen Etxean, eta adituek eta han bildutako herritarrek bilakaera datuak aztertu dituzte, administrazioak euskara bultzatzeko dituen planak ezagutu, eta han eta hemengo elkarte eta komunikabideen egoeraz mintzatu.

Oro har, gustura agertu dira hizlariak Araban euskarak egin duen bidearekin, baina azpimarratu dute badagoela zer egina oraindik. «Euskara suspertze garai batean dago Araban, baina etorkizuneko erronkei heldu behar diegu», borobildu du Roberto Gonzalez de Viñasprek, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak.

Lan ildo berritzaileak

Euskarak hazten eta sendotzen jarrai dezan, euskara teknikariek estrategia berriak pentsatu behar dituzte. Nagusiki haurrekin lotutako egitasmoez mintzatu dira. «Baina helduen alorrari ere ekin behar zaio, aktiboagoak direlako, eta haurrengan eragin handia dutelako», nabarmendu du Manex Agirrek, Arabako Gorbeialdeko hainbat herritako euskara teknikariak. Arabako euskararen ezagutzaz, erabileraz eta iritziez Soziolinguistika Klusterrak 2015ean egindako txostenaren arabera, kalean euskaraz entzuten diren elkarrizketa gehienak haur eta helduen artekoak dira.

Etxetik kanpo ordu asko igarotzen dituzte haurrek aisialdian edo kiroletan. Horregatik, administrazioa bereziki saiatzen da alor horiek euskalduntzen, gazteenek ohitura egokiak har ditzaten. «Euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako baliabideak eskaintzea da gure lana», argitu du Jokin Larrañaga Arabako Foru Aldundiko euskara teknikariak. «Eskola kiroleko, udalekuetako, tailerretako begiraleak euskalduntzen egiten dugu lan, haurrekin harremana euskaraz egin dezaten», gaineratu du. Baina diputazioak ez du zuzenean egiten lan hori, politika orokorrak diseinatzeaz arduratzen baita. Tokian tokiko beharren arabera antolatzen dira euskara batzordeak, eta aldundiak lagundu egiten die euren estrategiak garatzen.

«Lehentasunezko arloak hautatu, eta aztertu egiten ditugu, beharrak identifikatu, eta, horien arabera, ekintzetara jauzi egiten dugu», azaldu du Alex Vadillo Gasteizko euskara teknikariak. «Gasteizek arabako biztanleen %75 ditu. Hortaz, beharrak desberdinak dira beste eremuekin alderatuta», azpimarratu du. Gorbeialdean, esaterako, 8.000 biztanle dira, eta hizkuntza ohitura desberdinak dituzte: gehiago erabiltzen da euskara, etxetik gehiagok jasotzen dute...

Jardunaldian, euskara aktibatzeko egitasmoei ere erreparatu diete. Trebiñuko Gutxisolo elkarteak, Arabako euskaltegiek eta Aguraingo 75 ordu euskaraz ekinaldiek hizpide izan dute helduak euskarara nola erakarri. Hedabideek, bestalde, haien egoeraren berri eman dute. «Komunikabide txiki baina gogotsuak ditugu», azaldu du Alberto Barandiaran Hekimen elkarteko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.