'Aquarius' itsasontziko gutxienez 75 migratzaile etorriko dira Euskal Herrira

Ez dute kopuru zehatzik emango haien asmoak jakin arte. Donostiara autobusean iritsitako 46 migratzaileak onik daude

Migratzaileak, Valentziara iritsi berritan. EFE.
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Joan den igandean Valentzian (Herrialde Katalanak) lehorreratu zen Aquarius ontziko gutxienez 75 iheslari ekarriko dituzte Euskal Herrira. Lehen hogeiak datozen egunetan iritsiko dira Gipuzkoara, bertako foru aldundiko bozeramaile Imanol Lasak atzo goizean aditzera eman zuenez; errefuxiatuei harrera egiteko protokolo guztiak martxan daude jada. Gainerako administrazioek ez dute kopuru zehatzik eman; izan ere, Valentziara iritsitako 650 pertsonek nora joan nahi duten zehaztu zain daude. Hainbatek Frantziara joateko intentzioa agertu dute, Emmanuel Macron presidentea haiek onartzeko prest azaldu eta gero. Nafarroako Gobernuak, hala ere, BERRIAri adierazi dio prest dauzkatela jada hamabi toki errefuxiatuak jasotzeko, baina ez dakitela pertsona horiek Aquarius ontzian iritsitakoak izango diren.

Bestalde, herenegun Donostiara iritsitako 46 migratzaileak «ondo» daude, «oso nekatuta» heldu ziren arren. Gurutze Gorria ari da haietaz arduratzen. Atzo aholkularitza juridikoa eman zieten, eta datozen egunotan banan-banan hitz egingo dute guztiekin, etorkizunean zer asmo duten galdetzeko. Baliteke haietako batzuek asilo politikoa eskatzea; beste batzuek, ordea, Frantziara joateko intentzioa dute.

Foru aldundiaren esku

Herenegun goizean iritsi ziren 46 migratzaileak Donostiara, Almeriatik (Andaluzia, Espainia). Denak dira gizonezkoak, 16 eta 36 urte artean dituzte, eta jatorriz Gineakoak eta Malikoak dira. Bi adingabe daude tartean; Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu du haien zaintza.

Gipuzkoako Gurutze Gorriak berri agentziei azaldu dienez, Almeriako Gurutze Gorriak bidali zituen migratzaileak autobusez Donostiara, sare sozial bat duten lekuetara —Frantziara heldu nahi dute batzuek— hurbiltzen laguntzeko. Baina iritsiera orduarekin nahastu egin ziren bi erakundeak, eta horregatik egon ziren 46 lagunak lau orduz zain Donostiako autobus geltokian. Era berean, Gurutze Gorriak berretsi du joan den asteburua salbuespenezkoa izan zela, ohi baino ontzi gehiago iritsi zirelako Andaluziako kostaldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.