Ebro ertzeko ezpondak apurtu, eta kalte handiak eragin ditu uholdeak

Erriberak pairatu du uraldi bortitzena. UPNk eta PPk egoera baliatu dute Barkosi kritika egiteko

Tuterako bizilagunak, ura etxabeetatik ateratzen. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hegoaldera mugitu dira urak. Euriak atsedenaldia eman zuen atzo Nafarroako iparraldean eta Iruñerrian; ondorioz, ibaiak euren onera itzultzen hasi ziren pixkanaka. Uholdeek, baina, Ebro eta Arga ibaien bideetan behera egin zuten, eta kalte ugari eragin zituzten, Eugi, Esa eta Itoizko urtegien husteak lagunduta.

Erdialdeko hainbat herritan sortu ziren arazoak. Funesen, adibidez, 6,78 metro egin zuen gora Argak, eta segundoko 876 metro kuboko emaria zuen. Horren ondorioz, eskoletako jarduna bertan behera utzi behar izan zuten, eta ura etxebizitza batzuetan sartu zen. Berbintzanan, Miranda Argan eta Caparroson ere 06:00etatik aurrera pairatu zuten uraldiaren gorena. Berbintzanako futbol zelaia eta inguruko soroak ur azpian gelditu ziren, eta Caparroson luiziak izan ziren Nafarroako etorbideko etxebizitzetatik gertu, euriaren eraginez.

Goizaldean, hainbat errepide ere moztu zituen Foruzaingoak, Arga hazita zetorrela ikusita: NA-1240 Santakara eta Zarrakaztelu artean, NA-5332 Pitillas eta Murillo el Cuende artean, NA-6140 Miranda Arga eta Santakara artean, NA-601 Biurrun-Campanas eta Lerin artean eta NA-6120 Lerin eta Berbintzana artean. Iruñea eta Tutera lotzen dituen N-121 errepidea ere moztuta egon zen hainbat orduz.

Eta, Nafarroako erdialdea ez ezik, Erribera ere alertan izan zen egun osoan. Uraldi bortitzena 08:00etatik 11:00etara sufritu zuten Castejonen, eta arratsaldean, berriz, Tutera inguruko lurretara hedatu zen. Ebroko Ur Konfederazioaren arabera, ibaiak 7,77 metro egin zuen gora eta segundoko 2.600 metro kubo ur baino gehiagoko emaria hartu zuen Castejonen, eta apurtu egin zituen ibaiari eusteko ezpondak. Horren ondorioz, lursail eta errepideetara zabaldu ziren urak, eta kalte material ugari sortu.

Cabanillas, Azkoien, Arguedas, Buñuel eta Tuterara ere heldu zen uholdea, geroago. Inguruko soroak ez ezik, Tuterako Alde Zaharreko kaleak ere hartu zituen ibaiak, eta herritar batzuek txalupan atera behar izan zuten etxetik. 2015etik ez zen halako uraldirik ikusten Nafarroan. Hori dela eta, larrialdi protokoloaren lehen fasea aktibatu zuen Nafarroako Gobernuak: helikoptero bat eta uretako erreskate taldeak bidali zituen Erribera ingurura, eta suhiltzaile zerbitzuak indartu.

Ezbeharra baliatu du UPNk

UPN eta PP alderdiek egoera baliatu dute Nafarroako Gobernua kritikatzeko, eta «aurreikuspenik eza» leporatu diete Uxue Barkos lehendakariari eta Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizalderi. Hain zuzen, Elizalderen agerraldi parlamentarioa eskatu du UPNk.

Hain zuzen, Barkosek eta Elizaldek Tuteran izan zuten erregionalisten kritiken berri. Larrialdiko bilera egin zuten goizean Erriberako udal ordezkariekin, kalteak neurtu eta konponketa lanak abiatzeko. Barkosen esanetan, lauko gobernuak «ahaleginak eta bi» egin ditu krisia kudeatzeko, eta ironiaz erantzun dio UPNri: «Bagenekien non zegoen arriskua, eta larrialdiko zerbitzuek erabateko koordinazioarekin egin dute lan, baina gobernu bati nekez eska dakioke euria geldiaraz dezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.