Leire Rodriguez senar ohiak hil zuela frogatutzat jo du herri epaimahaiak

Epaimahaiaren arabera, bainuontziaren kontra behin baino gehiagotan jo zuen, hiru orduz izan zuen etxean, eta autoaz zapalduta hil zuen

Leire Rodriguezen senar ohiaren aurkako epaiketako saio bat, joan den astean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
«Leire Rodriguez nahita eta babesteko aukerarik utzi gabe hiltzeagatik akusatua errudun dela uste dugu». Hala eman zuen atzo ezagutzera herri epaimahaiaren bozeramaileak Leire Rodriguezen senar ohiaren aurkako epaiketa bukatutakoan aho batez hartutako erabakia. Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epaileak ezarriko dio zigorra orain. Fiskalak 23 urteko zigorra eskatu du, eta akusazio partikularrak —Rodriguezen familia—, 30 urteko espetxe zigorra eta hamar urteko zaintzapeko askatasuna. Baita sendiarekin eta seme-alabekin hartu-emana izateko debekua ere. 25 urteko espetxealdia eta hamar urteko zaintzako askatasuna eskatu du herri akusazioak. Espainiako Estatuaren abokatuak, 25 urteko zigorra. Defentsak zigor txikiena jartzeko eskatu dio epaileari.

Epaimahaia osatu duten bederatzi gizon-emakumeek frogatutzat jo dute bikotea banatu izana onartu ez zuelako erabaki zuela akusatuak emazte ohia hiltzea, eta horretarako hasieran beste gizon bati eskatu ziola laguntza.

Epaimahaiak frogatutzat jo du ondoko kontaketa. 2013ko abuztuaren 7an, 21:30ean akusatua Leire Rodriguezen etxera joan zen, «hura hiltzeko asmoz». Atea ireki zionean, ahoa eta sudurra estali zizkion eskuekin, eta komunera eroan zuen. Komunean, Rodriguezen buruari heldu eta behin baino gehiagotan jo zuen bainuontziaren kontra.

Auzitegi medikuaren lekukotza eta hark egindako autopsia erabili dituzte frogatutzat jotzeko Rodriguez kordea galduta geratu zela, eta horregatik ez dagoela bere burua defendatzeko ahaleginik egin zuen arrastorik. Epaimahaiak frogatutzat jo du hiru bat orduz eduki zuela Rodriguez alfonbra gainean kordea galduta. Autora jaitsi, eta ondoren hilotz agertu zen errepidera eroan zuen. Epaimahaiak frogatutzat jo du oraindik bizirik zegoela birritan igaro zela gainetik autoarekin.

Epaimahaiak ez du aringarririk onartu: frogatutzat jo du Rodriguezen hilketa ez zela beroaldi baten ondorio izan, eta ez zuela buruko arazorik banaketagatik. Frogatutzat jo dute genero indarkeria kasu bat izan dela, akusatuak ezkonduta zeudelako eta banatu ostean Rodriguezekiko izan zuen gehiegizko kontrolagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.