04/08 sumarioko fiskalak uko egin dio Otegik lekuko gisa deklaratzeko eskaerari

Argudiatu du auzipetuen antzeko delituak leporatuta zigortu izanak baldintzatzen duela haien lekukotza.Asteazkenerako zeuden deituta

Auzipetuak, epaiketaren lehen saioan, abenduaren 3an. CHEMA MOYA / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2015eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Jose Perals Espainiako Auzitegi Nazionaleko 04/08 sumarioko epaiketako fiskalak atzera egin du eta uko egin dio ezker abertzaleko kide batzuek lekuko gisa deklaratzeko berak egindako eskaerari. Datorren asteazken eta ostegunerako zeuden deituta Arnaldo Otegi, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Karmelo Landa, Joseba Alvarez, Jose Luis Elkoro eta Juan Kruz Aldasoro, ezker abertzaleko 35 kideren kontra Madrilen egiten ari diren epaiketan.

Atzoko auzi saioan eman zuen bere erabakiaren berri fiskaltzak, idatziz, eta ukatu egin zuen horrek zerikusia duenik hauteskunde kanpainarekin. Auzitegi Konstituzionalaren eta Gorenaren jurisprudentzian oinarrituta, azaldu du gisa bereko delituagatik inputatu eta zigortu dituztela zazpi pertsona horiek eta hori baldintzatuta deklaratuko luketela; gogoratu du haien lekukotzak 2010ean eskatu zituela, oraindik horietako inor inputatu gabe zegoela. Otegi Bateragune auzian zigortu zuten, eta preso dago;martxoan irtengo da. Besteak 05/35 sumarioko auzian zigortu zituzten iaz —Elkoro auzitik kanpo utzi zuten aurrez 18/98 auzian zigortu zutelako—.

Aurreko astean hasi zen epaiketa; hamarna urteko zigorrak eskatu dituzte, haien lan politikoarekin ETAri laguntzea leporatuta. Atzo deklaratu zuten Jon Garaik, Mikel Garaiondok, Antton Gomezek, Asier Imazek, Eusebio Lasak, Iñaki Olaldek, Aner Petralandak, Juan Joxe Petrikorenak, Joana Regeirok, Arantza Santestebanek, Patxi Urrutiak, Joseba Zinkunegik, Mikel Zubimendik eta Gorka Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.