Bilaketa gainbegiratzeko eskatu dio Borja Lazaroren familiak Espainiari

Bi urte bete dira Kolonbia iparraldean desagertu zenetik.

Sendiak eta lagunek urteurrena gogoratzeko elkarretaratzea egin dute Gasteizen
Borja Lazaroren etxekoek eta lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo.
Borja Lazaroren etxekoek eta lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo. J. RUIZ / ARP

Erredakzioa -

2016ko urtarrilak 9
Borja Lazaro Herrero gasteiztarra Kolonbia iparraldean desagertu zenetik bi urte bete ziren atzo. Familiak gogora ekarri du, kasua ez ahazteko. Ana Maria Herrero amak eta Sergio Lazaro Herrero anaiak agerraldia egin zuten, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek lagunduta. Espainiako Atzerri Ministerioari dei argia egin zioten: Kolonbiako Polizia egiten ari den ikerketari arreta handiz begiratu diezaiola. «Poliziak esaten digu oraindik ere bila dabiltzala. Baina Espainiaren enbaxadak eta kontsuletxeak gainbegiratu beharko lukete benetan hori horrela dela», azaldu zuen Sergio Lazaro Herrerok.

Joan den abenduan, Gasteizko Udalak antzeko eskaera bat egin zion ministerioari, eskutitz bidez. Cristobal Valdesek erantzun die, atzerrian dauden espainiarrez arduratzen den zuzendariak, eta elkartu eta hitz egiteko gonbidapena egin dio familiari. Ana Maria Herrerok onartu egin du, eta bilerara joango direla iragarri zuen. Iaz Iñigo Fernandez de Vigo orduko Europako Batasunerako estatu idazkariarekin elkartu ziren. Bileraren asmoa familiaren eta Espainiak Kolonbian eta Venezuelan dituen ordezkarien artean zuzeneko harremana sortzea izan zen, baina ez zen halakorik gertatu. Espainiak Kolonbian duen kontsularekin baino ez zuten egin berba, behin, eta telefonoz.

Familiak eta lagunek Lazaroren desagertzea gogorarazteko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Gasteizko Posta plazan. «Ezinbestekoa da nire semeari buruz hitz egiten jarraitzea. Isiltzen garenean desagertuko da benetan», ohartarazi zuen amak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna