Auzitegi Gorenak Espainia zigortu du asilo eskaerak ez bideratzeagatik

2015eko errefuxiatu krisiaren ostean egin beharreko asilo tramitazioen %12,85 egin ditu
Migratzaile talde bat Italiako kostara begira, <em>Aquarius</em> ontzian, apirilean.
Migratzaile talde bat Italiako kostara begira, Aquarius ontzian, apirilean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Iosu Alberdi -

2018ko uztailak 12
Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak Espainiako Estatua zigortu du, 2015. urteko errefuxiatu krisiaren ostean EB Europako Batasunak ezarritako asilo tramitazioen kuotak ez betetzeagatik. Erabaki haren arabera, Italian eta Grezian zeuden 19.449 errefuxiaturen eskaerak aztertu behar zituen Espainiak, gero horien lekualdatzea tramitatzeko. Estatuak, ordea, adostutakoen %12,85 baino ez zituen tramitatu. Epaimahaiaren arabera, ordea, beharrezkoa da guztiak tramitatzea, EBk hartutako erabakia «bete beharrekoa» delako, eta tramitazio guztiak egitera zigortu du Espainia. Lehen aldia da EBren barruan auzitegi batek bere estatua zigortzen duena gai honengatik.

EBk 2015eko errefuxiatu krisiaren ostean erabaki zuen asilo eskaera egin nahi zuten errefuxiatuak estatu kideen artean banatzea, 2015eko irailaren eta 2017ko irailaren artean. Errefuxiatuen asilo eskaeren %12,15 tramitatzeko betebeharra ezarri zitzaion Espainiari, hau da, Greziako asilo eskaeretatik 13.086 eta Italiako eskaeretatik 6.363. Asilo eta Babes Bulegoaren arabera, ordea, 2018ko martxoaren 4an, bi urteko epea amaitu eta sei hilabetera, 19.449 lekuetatik 2.500 eskaini zituen Espainiak: %12,85.

Ikusita hartutako erabakia ez zela betetzen, Associacio de Suport a Stop Mare Nostrum elkarteak helegitea jarri zuen Espainiako Estatuaren aurka, tramitazioak berehala betetzera behartzeko eskatuz.

Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoiaren zati eman die salatzaileei, eta ebatzi du EBren erabakia «loteslea» dela, eta, beraz, «bete beharrekoa». Ondorioz, Espainiako Estatua tramitazioak egiten jarraitzera zigortu du, «gaiaren inguruan hartzen diren erabakiak errespetatuz». Epaimahaiak gaineratu du EBko estatu kideei errefuxiatuen kuota %30 murrizteko aukera eman zitzaiela, baina Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiak baztertu egin zuen.

Gauzak horrela, akordioak bete ez zituena Rajoyren taldea izan arren, Pedro Sanchezen gobernuaren esku geratuko da asilo eskaera egin duten gainontzeko %87en tramitazioak egiteko betebeharra. Horrez gain, estatuen arteko kolaborazio falta ere gaitzetsi du ebazpenak.

Estatua, defentsan

Espainiako estatuko abokatuak, berriz, arrazoitu zuen Madril lanean ari dela, baina prozesua korapilatsua eta geldoa dela, eskaera egin duten guztiek beharrezko baldintzak betetzen dituzten aztertu behar delako. Izan ere, tramitazioa egiteak ez du zertan ondorioztatu lekualdatzea egingo dela. Baliteke eskatzaileek ez betetzea estatuek ezarritako baldintza guztiak.

Gainera, estatuko abokatuak Europako Justizia Auzitegiari galdetzeko eskaera egin zuen, jakin nahirik ea estatuetako auzitegiek EBk larrialdi egoeretan hartutako erabakien gaineko kontrola ikuska dezaketen edo ardura Europako Batzordearen esku bakarrik dagoen. Epaimahaiak aukera baztertu zuen; izan ere, batzordeak «batasuneko zuzenbidea gainbegiratzeko lana» duen arren, ezin ditu saihestu eskumen horrek dituen betebeharrak; beraz, ebatzi du Gorenak eskumena duela ikuskatzeko estatuak EBko akordioak betetzen dituen ala ez .

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna