Hondarribia utziko du herriko apaizak, alarde eguneko atzerapausoagatik

Alarde baztertzailearen aldekoekin gatazka izan zuen Biktoriano Etxabek joan den astean, Jaizkibelen aurkako jazarpena salatzeagatik

Arratsean ere, plastiko beltz eta txistu artean jardun zuen Jaizkibelek. G.R. / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Irailaren 8an, Hondarribiko (Gipuzkoa) alarde egunean, Kale Nagusian Jaizkibelek jasandako jazarpenak ez dio eragin soilik konpainia parekideari. Biktoriano Etxabe herriko apaizak jakinarazi du badoala, Hondarribiko parrokia utziko duela, hilaren 8an izandako atzerapausoengatik. Joan den astean hartu zuen erabakia, eta atzo bildu zen Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainarekin, lekualdatzeaz mintzatzeko.

Alarde egunean azken urteetako desfilerik gogorrena egin zuen Jaizkibelek Kale Nagusian. Plastiko beltzak ez ezik, txistuak eta irainak ere jasan behar izan zituzten berriz; konpainia parekideko hainbat kidek malkoei eutsi ezinik egin zuten bidearen zati hori. Irudiok hunkituta, jazotakoa salatu zuen Etxabek hilaren 10eko mezan: «tamalgarritzat» jo zuen gertatutakoa, eta erantsi zuen herriak ezin zuela horrela beste 22 urtez jarraitu, erronka bat zuela gatazka konpontzen. Alarde baztertzailearen aldekoek kargu hartu zioten: emakume bat aldarera igo zen kontra hitz egitera, udal ordezkariak aurrean zeudela. «Ez nuen inoiz pentsatu gizarte sekularizatu honetan erronka hitza aipatzeak hautsak harrotuko zituenik», esan dio BERRIAri.

Hala ere, Etxabek adierazi du bere erabakia ez duela elizan gertatutakoak eragin, eta alde guztien babesa sentitu duela: udal taldeena, alardeko burgumaisuarena, Jaizkibelena... Giroak bultzatu du alde egitera, alarde eguneko «begiradek, sentipenek...». Hilaren 8an bertan, gatazka izan zen Guadalupeko ermitan ere, desfilearen osteko mezan: Jaizkibeleko kideek eserlekuak gordeta zituzten barruan, baina alarde baztertzailearen aldeko andre batzuek handik bota nahi izan zituzten; amore eman behar izan zuten, eserlekuak konpainia mistoak eta apaizak adostuak zituztela jakin zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.