Eskumenak, eztabaidaren oinarrian

Olarizuko ikur frankista kentzearen inguruko desadostasunek duda eragin dute kontzejuen eta udalen funtzioez. Mendiolako batzarrak herritarren erabakia errespetatzeko eskatu du.
Olarizuko gurutzea, izen bereko parkean.
Olarizuko gurutzea, izen bereko parkean. DAVID AGUILAR / EFE

Jon Rejado -

2018ko irailak 11
Olarizuko gurutze frankista kendu ala ez; horixe Araban bi tokiko erakunderen arteko talka eragin duen gaia. Kendu egin nahi du Mendiolako kontzejuak, bertako herritarrek boto bidez hala adierazita. Kontzejua, ordea, Gazteizko udalerrian dago, udalaren menpe, eta Gorka Urtaranen gobernuak ez du kendu nahi: hiriko beste zenbait tokitan egin duenez, ikurraren testuingurua azalduko duen plaka bat jartzea hobetsi du. Baina norena da eskumena?

Galdera horri erantzuteko, Arabako tokiko erakundeen antolaketari erreparatu behar zaio, eta bi administrazioren funtzioak aztertu: udalerriak eta kontzejuak. Araban, Nafarroan bezala, udalerriak herri bakarrekoak izan daitezke edo herri bat baino gehiagokoak. Azken kasu horretan agertzen dira kontzejuak: herri txikietako herritarren parte hartzea bermatzen duen administrazioa da, eta udalerriarenak diren eskumen batzuk bere gain hartzen ditu, legez.

Udalek gobernatzen dituzte udalerriak, legez aitortutako eskumen batzuk baliatuta: hondakinen bilketa, garraio publikoa, argiztapena, estolderia, ur hornikuntza... Biztanle kopuruaren arabera ezartzen dira eskumenak.

Kontzejuak, berriz, herri batzarrak dira: Araban 334 daude, guztiak udalerriren baten eremu geografikoaren barruan. Alegia, kontzejuek udalerria baino txikiagoa den barruti bat kudeatzen dute, udalerri baten barruan. Nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmen propioa dute, eta Arabako Aldundiak zehaztuak ditu haien eskumenak eta ahalmenak: herriko azpiegituretan lanak egitea; bideak, mendiak eta erabilera publikoko bestelako ondasunak zaintzea; ondarea administratu, kontserbatu eta arautzea; eta interes berezia duten obrak programatzea eta egitea. Finantzaketa aldunditik jasotzen dute. Hain justu, diputazioak egin ohi du zirt edo zart, udalerrien eta kontzejuen eskumenen artean talkarik gertatzen bada.

Debekua, zeharka

Eskumenak banatuta badaude ere, kontzejuek egingo dituzten obren berri eman behar diete udal gobernuei, eta arrazoitu. Olarizuko gurutzearen kasuan, Mendiolako herri batzarrak Gasteizko Udalari bidalitako idatzian Espainiako Memoria Historikoaren Legea aipatu zuen. Bada, horri heldu nahi dio Urtaranen gobernuak gurutzea bertan mantentzeko.

Udalak argudiatu du memoriaren legearen bidez ezin dela arrazoitu gurutzea eraistea. Arau horrek ikurrak kentzeko baldintza batzuk jartzen ditu: 1936ko estatu kolpearen, gerraren edo frankismoaren aldarri pertsonala edo kolektiboa egitea. Udalaren ustez, Olarizuko gurutzeak ez du halakorik egiten, eta, ondorioz, Mendiolak baliatutako argudioa ez da balekoa gurutzea kentzeko.

Mendiolako batzarrak herritarren erabakia errespetatzeko eskatu zuen atzo, ohar bidez. Gogoratu zuen ikurra dagoen lursailaren jabea Mendiola dela, eta herritarren nahia «legitimoa» dela nabarmendu zuen: «Horrekiko errespetua exijitzen dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna