Gaur erabakiko dute Gipuzkoako sorosleek greba hasi edo ez

Hondartzetako sorosleek prentsaurrekoa emango dute Donostian, argitzeko ea onartu duten atzoko bilerako proposamena

2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Gaur jakinaraziko dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek greba mugagabea hasiko duten ala ez. ELA sindikatuak hala deituta, sorosleek adierazi zuten gaurtik greba mugagabea hasiko zutela, aurretik akordio bat lortu ezean.Atzo arratsaldean, ordea, negoziazio bilera izan zuten Gurutze Gorriarekin eta udalekin, alegia, sorospen zerbitzuak kudeatzen dituzten ordezkariekin. Negoziazioan parte hartu duten iturrien arabera, «erdibideko proposamena» egin dute udalek eta Gurutze Gorriak. Ondorioz, sorosleek prentsaurrekoa emango dute 09:45ean Kontxan, bileran proposatutako hitzarmena onartu duten azaltzeko. Horren arabera, greba hasiko dute ala ez.

Gipuzkoako hondartzetako sorosleen eskaera da lan baldintzak hobetuko eta bermatuko dituen hitzarmen bat lortzea, eta hitzarmen horretan euren baldintzak, gutxienez, igerilekuetako sorosleen parekoak izatea. Hain zuzen,soldatak igotzea, atseden tartea eta oporraldiak hobeto antolatzea eta kontratuak finkoak izatea nahi dute. ELAren arabera, hondartzetako sorosleek 1.000 euro inguru kobratzen dituzte hilean; igerilekuetakoek, berriz, 1.500 eta 1.600 euro artean. Gainera, salatu dute sorosle askok urteak daramatzatela lanean, baina, kontratu finkorik ez dutenez, ez zaiela kontuan hartzen antzinatasuna.

Uztaileko greba

Ez da Gipuzkoako hondartzetako sorosleek egiten duten lehen greba. Uztailaren 29an, 30ean eta 31n egin zuten aurrekoa, eta gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten. Orduan ere, ELAk salatu zuen gehiegizkoa zela Eusko Jaurlaritzak eskatutako gutxieneko zerbitzua; %80koa izan zen, hain zuzen, zerbitzu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.