Pastor
DARWIN ETA GU

Johnny

2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Baionako festak, 1972ko uztaila. Johnny Hallyday herriko etxearen balkoian da. Ondoan ospe handiko bi euskal errugbilari ditu: Bernard Duprat eta Jean Irazabal. Benat, Baionakoa. Irazabal, Larresorokoa. Le Roc basque. Zeelanda Berriko zaleek Menderaezina deitzen diote.

Johnny Hallyday Euskal Herrira usu etorri zela jakinarazi digu Sud Ouest egunkariak, haren heriotzaren ostean. Europako hedabideek ere leku dezente eskaini diote albisteari. Hego Euskal Herrian egunkari unionistetan izan du oihartzun handiena. Besteetan, ez: Hallydayren berririk ez, hil zen eguneko webguneetan, egunkari batean izan ezik.

Bitxia da, Johnny ez baitzen idoloa Espainian. Euskal Herrian, aldiz, bai: Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zenbat herritarrek ez dute aditu edo dantzatu haren musika. Ez soilik bihotza bleu dutenek, gorri-berde-zuria dutenek ere bai.

Johnnyren heriotzaren berririk ez. Ez dakit berdin jokatuko ote genuen Serrat edo Sabina hil balira Durangoko azokako lehen egunean. Bai, kantari gabatxo kantosoa zen gure Johnny. Horrela izanik ere: nekez aurkituko duzu Ipar Euskal Herrian haren ahotsa edo kanta ezagutzen ez duen 25-125 urte bitarteko lagunik. Bai, Johnny frantsesa zen, eskuindarra-edo, baina L'Humanité egunkari komunistaren festan kantatzen zuen. Ez zen iraultzailea, ezta gutxiago ere. Zer dira, ba, abeslari espainiar progre horiek? Establishment-aren zutabeak besterik ez. Nola jokatzen ari dira, aldez edo moldez, Kataluniako prozesuari buruz? Zertan ari dira bikote borboitarrarekin afari pribatuetan elkartzen direnean?

Hallydayren heriotza gure edizio digitaletan ez islatzea kontraesankorra da. Zenbait sektore independentistatan nabariak dira aniztasunari, lekuan lekuko hizkuntza errealitateari eta abarri erreparatzeko joera eta mezua. Diskurtso ofizial(ista) hori gero eta hedatuago, barneratuago dugu baina, halako batean, Johnny desagerrarazten dugu. Euskal Herriak hainbat errealitate linguistiko, kultural, sozial eta politiko baldin baditu, zergatik isildu frankofoniako munstroaren heriotza?

Iparraldeko herritarrak ez garelako. Johnnyren fenomenoaren dimentsioak ihes egiten digulako. Irun eta Hendaia arteko mugak harresi psikologikoa sortu, eta beste aldearen errealitatea ezagutzeko aukera galarazten digulako. Serge Gainsbourg, Léo Ferré, Barbara, Jean Ferrat eta beste zentzen dira, baina hutsaren hurrena dira guretzat. Ez dakit Patricia Kaas doanean nola jokatuko dugun. Nago lehenago izango dugula Alejandro Sanzen azken hatsaren berririk Renaud-ena baino.

Zenbat jende zegoen 1972ko uztail hartan Johnny noiz ikusiko zain? Zenbat euskal errefuxiatu Baiona Ttipiko tabernetan? Luhuso, Zuraide, Azkarate edo Sohütako zenbat euskaldunek ez dute Johnnyren kantaren batekin gozatu? Lehendakariak haren musika entzun zuen umetan. Seguruena, dantzatu ere egingo zuen gaztetan. Etxean bertan. Edo kanpoan ikasten ari zen garaietan, Bordelen. Zer ez zigun azalduko Jean ReneEtxegaraik, Johnnyri buruz galdetuta.

Bruselako metroan Johnnyren kantak jarri dituzte. Frantziako leku publikoetan ere entzun da haren ahotsa. Barkatu atrebentzia Durangoko azokako larunbat honetan: gehienetan Johnny Hallyday gabatxo nazkagarriaren twist-a, kanta eta kaka guztia nahiago ditut, euskal eskuinak eta ezkerrak beti gurtua eta inoiz ez egurtua izan duten euskal poeta eta kantari handi, behi sakratu baina aburrevacas jakin batenak baino, negar saltzailea eta tristezia hedatzailea, heriotza eta gure patu beltza zeinen hurbil ditugun gogorarazten ziguna, azalez eta mamiz, hasiera batean existentzialismoan bildua, azken hondarretan zegoela kristautasun berraurkituaz jantzia. Maite dut biziaren irrintzi alai lizuna, ez heriotzaren auhen indarge iluna. Johnnyk horrela adierazi zuen Vivre pour le meilleur abestian: «Zuk sendoago egiten nauzu egunero / Jainkorik eta legerik gabe / Eta gure gorputzek amodioa egiten dutenean / Nik badakit zergatik...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.