25 urteko zigorra jarri diote Habanan gipuzkoar bat hil zuen gizonezkoari

Alberto Alvarez hiltzeagatik eta indarkeriaz lapurtzeagatik jarri diote zigorra J. Antonio Diaz Acostari. Martxoaren 2tik irmoa da epaia

inaki petxarroman
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Alberto Alvarez Lopez 46 urteko Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) herritarra hil zuen kubatarrari, Julio Antonio Diaz Acostari, 25 urteko espetxe zigorra ezarri dio Habanako Zigor Epaitegiko 4. salak: hogei urte hilketagatik eta beste bost indarkeriaz lapurtzeagatik.

Alvarez Lopezen senideek Kubako Barne Ministerioaren iturrietatik jakin dute zigor epaitegi horrek berriki eman duen ebazpenaren berri, Espainiak Kuban duen enbaxadak gobernuaren aurrean egindako gestio baten bidez. Hain zuzen ere, martxoaren 2tik da irmoa zigor ebazpen hori, eta, beraz, gizona jadanik ari da betetzen Kubako Justiziak ezarritako 25 urteko zigorra.

Hilketa eta lapurreta

Alberto Alvarez Lopez 2016ko abenduaren 27an desagertu zen Habanan. Familiak haren desagerpenaren berri eman ostean, Kubako Poliziak ikerketa bat hasi zuen, eta horren ondorioz atxilotu zuten Julio Antonio Diaz Acosta. Bigarren atxiloaldian, Diaz Acostak berak Poliziari aitortu zion Habana hiriburutik kilometro gutxira dagoen El Chivo hondartzan kable batekin ito eta hil zuela gipuzkoarra. Hori aitortu ostean, gizonak esandako tokian aurkitu zuten Alberto Alvarezen hilotza, 2017ko otsailaren 19an. Autopsia egin eta gorpua Euskal Herrira itzultzeko beharrezko tramite guztiak egin ostean, uztailean eraman zuten hegazkinez Habanatik Madrilera, eta, autoz, berriz, handik Lasarte-Oriara.

Hilketaren ostean, Diaz Acostak Alvarezen kreditu txarteletatik hainbat aldiz dirua ateratzen saiatu zela jakin zuten ikerlariek, eta, halaber, gipuzkoarrak Kubako hiriburuan zuen etxea saltzeko tramite batzuk ere egiten hasi zela.

Alberto Alvarez Lopezek aspalditik egiten zituen Kuban egonaldi luzeak —hiru eta sei hilabete artekoak—, eta 2016an etxe bat erostea erabaki zuen. Kubako herritar ez izanik, eta, atzerritarrek uhartean etxeak erostea debekatuta daukatenez, haren adiskide baten izenean erosi zuen etxea. 2017ko urriaren 16an egin zioten epaiketa Julio Diaz Acostari Habanan, Poliziak hilketarekin zerikusia zuen beste inor ez zegoela ebatzi ostean. Fiskaltzak 30 urteko zigorra eskatu zuen epaiketan gizonarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.